Euskal kulturaren hedapenerako diru- laguntzak eskatzeko epea zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Diru-laguntzek euskal antzerkia, musika, dantza, arte plastikoak eta ikusizko arteak, eta bestelako kultur adierazpenak nazioartean hedatzen laguntzea dute xede. Bidaia-poltsak eta literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak ere zabaldu dira. Orotara 546.000 euro banatuko ditu diru-laguntzatan.
Diru-laguntzek euskal antzerkia, musika, dantza, arte plastikoak eta ikusizko arteak, eta bestelako kultur adierazpenak nazioartean hedatzen laguntzea dute xede. Bidaia-poltsak eta literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak ere zabaldu dira. Orotara 546.000 euro banatuko ditu diru-laguntzatan.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuaren bost diru-laguntza deialdi argitaratu zituen atzo eta gaur zabaldu da eskaerak egiteko epea. Diru-laguntza hauen xedea adierazpen eta modalitate ezberdinetan euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea da.
Aurten, lehen aldiz, pertsona juridikoak behartuta egongo dira eskabidea modu elektronikoan egitera Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Pertsona fisikoak aldiz eskabidea modu presentzialean egiteko aukera ere izango dute.
Lehenengo deialdiak arte plastikoak eta ikusizko arteak, musika eta dantzaren alorrak hartzen ditu eta 216.000 euroko zuzkidura du. Diru-laguntza hauek jaialdi edo jarduera konkretuetan (erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, erresidentzia proiektuak) parte hartzeko bidaia-gastuak, muntaia-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko izango dira.
Antzerkiaren sektoreak 135.000 euro jasoko ditu antzerki birak eta denboraldiak egiteko, eta gastu berdinei aurre egiteko izango dira diru-laguntzak: bidaia-gastuak, muntaia-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak.
Bestetik bidaia poltsen deialdia ere argitaratu da, zinema eta literatura arloko sortzaile eta eragileek (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzendariak, aktoreak, gidoigileak, ekoizleak, etab.) nazioarteko hitzaldi, topaketa edo ekitaldietan parte hartu ahal izateko bidaia-gastuak, ostatua eta dietak ordaintzea helburu duena, betiere jarduera hauek sorkuntzarekin harremana badute eta onuradunek euskal kulturaren ordezkari bezala parte hartzen badute. Guztira 20.000 euro bideratuko dira honetara.
Literatura-itzulpenak ere sustatuko dira 39.000 eurorekin. Bi modalitate izango ditu alor honek: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzera zuzendutako diru-laguntzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzera zuzendutakoak.
Amaitzeko, aurtengo beste berritasuna euskal kulturaren sustapen eta hedapenerako deialdi orokorra berreskuratzea izan da. Deialdi honetan lekua dute Institutuaren jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten jarduera eta proiektuek, esaterako diziplina arteko proiektuak.
Argitaratu diren diru-laguntzen batura 435.000 euro izan arren, orotara 546.000 euro bideratuko ditu Etxeparek euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzeko, izan ere, aipatutako diru-laguntzei honakoak gehitu behar zaizkio: nazioarteko arte azoketan parte hartzeko diru-laguntzak (deialdia irekita dago eta 36.000 euroko zuzkidura du) eta ikus-entzunezkoen, arte eszenikoen edo musikaren alorreko nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak (75.000 euro).
Diru-laguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.
EHAAn argitaratu diren deialdien laburpena:
Izena: Zabalkundea
Helburua: arte plastikoen eta ikusizko arteen, dantzaren eta musikaren sustapena eta hedapena euskararen eremu geografikotik kanpo.
Zuzkidura: 216.000 euro
-Arte plastikoak eta ikusizko arteak: 53.000 euro
-Musika: 130.000 euro
-Dantza: 33.000 euro
Eskaerak aurkezteko epea: ekainak 9 - 30 (barne).
EHAAra esteka: hemen
Izena: Antzerki birak eta denboraldiak
Helburua: antzerki birak eta denboraldiak sustatzea euskararen eremu geografikotik kanpo.
Zuzkidura: 135.000 euro
Eskaerak aurkezteko epea: ekainak 9 - uztailak 10 (barne)
Egoitza elektronikora esteka: hemen
Izena: Bidaia-poltsak
Helburua: literatura eta zinemaren alorreko sortzaileen zirkulazioa sustatzea euskararen eremu geografikotik kanpo.
Zuzkidura: 20.000 euro
Eskaerak aurkezteko epea: ekainak 9 – urriak 31 (edo aurrekontua agortu arte)
Egoitza elektronikora esteka: hemen
Izena: Literatura-itzulpenak
Helburua: euskaraz idatzitako lanak edo Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleen lanak itzultzea sustatzea.
Zuzkidura: 39.000 euro
Eskaerak aurkezteko epea: ekainak 9 – uztailak 10 (barne)
Egoitza elektronikora esteka: hemen
Izena: Euskal kulturaren sustapena eta hedapena
Helburua: Institutuaren jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten kultur jarduera eta proiektuak sustatzea euskararen eremu geografikotik kanpo.
Zuzkidura: 25.000 euro
Eskaerak aurkezteko epea: ekainak 9 – ekainak 30 (barne)
Egoitza elektronikora esteka: hemen