Euskal Herriko musikaren gaua
2017/11/30
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko musikaren gaua izan zen atzokoa, Musika Bulegoa Sarien gaua. Bigarren edizio honetan Donostiako Musikene (Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia) izan zen urteko sorkuntza lan onenei aitortza egiteko eszenatokia.
Euskal Herriko musikaren gaua izan zen atzokoa, Musika Bulegoa Sarien gaua. Bigarren edizio honetan Donostiako Musikene (Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia) izan zen urteko sorkuntza lan onenei aitortza egiteko eszenatokia. Ekitaldiak musika sektoreko ordezkaritza zabala bildu zuen – musikagileak, sortzaileak, industriako profesionalak…-, eta erakundeetako ordezkariak ere bertaratu ziren, Bingen Zupiria Kultura sailburua buru. Musika tradizionala, jazza, rocka, folka, musika garaikidea… Euskal Herriko musika sorkuntzaren aniztasunaren isla izan zen ekitaldia.
Ruper Ordorika izan zen oholtzara saria jasotzera igotzen lehena, ‘Guria Ostatuan’ diskoagatik emandakoa. Musikari oñatiarrak abesti bat jotzea zuen aurreikusita baina, afoniak jota, bideo batean ikusi zen bere azken lanaren lagin bat.
Juan Ortiz izan zen gaueko bigarren saritua. ‘Winter Tales’ diskan jazza eta erritmo elektronikoak nahasten ditu piano-jole bilbotarrak. Ortizek ezin izan zuen ekitaldira bertaratu eta Japoniatik – han bizi da azken boladan- eman zituen eskerrak, bideo bidez.
Ramon Lazkanok Festival d´Automne á Paris jaialdian estreinatutako ‘Portrait’ lanagatik jaso zuen saria. Parisen bizi den musikari donostiarrak ezin izan zuen ekitaldira joan baina bere musika Iván Casado biolontxelo-jolearen eskutik iritsi zen aretora.
Ondoren ‘Zuhainpeko Soinuak’ ikuskizunaren sortzaileen txanda izan zen. Iparraldeko musika tradizionala du oinarri proiektu honek. Cruz Gorostegi ekoizlea, Mireia Gabilondo ikuskizunaren zuzendaria eta Juan Mari Beltran eta Jean Mixel Bidegaxar musikariak igo ziren oholtzara saria jasotzera.
Pop sofistikatua eta jazz ukituak uztartzen ditu Danimarkan ibilbide luzea egindako Elena Setien donostiarrak ‘Dreaming of Earthly Things’ lanean. Berak ere jaso zuen aitortza eta bere kantuetako bat jo zuen pianoan.
Azken hamarkadetan euskal eszenak eman duen talde oparoenetako bat izan zen hurrengo protagonista: Berri Txarrak. Lekunberriko taldearentzat izan zen Etxepare Euskal Institutua Musika Saria. Euskal musikaren nazioarteko zabalkundean nabarmendu den Euskal Herriko sortzaile, interprete -bakarlari zein taldeak- edo musikagile baten lana aitortzeko xedea du sari honek.
Jazzargia izan zen gaueko azken protagonista. Duela hamabi urtetik Gasteizen jazzaren zabalkundean diharduen elkarte honentzat izan zen sari berezia.
Aurtengo sarien epaimahaia ondorengo profesionalek osatu dute: Jon Bagüés, Eresbileko zuzendaria; Aintzane Cámara, EHUko irakaslea eta musikaren ikerketan aditua; Edurne Ormazabal, EITB; Yahvé M. de la Cavada, musika kritikoa; Ixiar Uria, Euskal Herriko musikagintzan aditua; Kistiñe Solano, trikitilari eta musika irakaslea; Suso Saiz, musikari eta ekoizlea, eta José Miguel, Radio 3-eko ‘Discópolis’ saioko zuzendaria.