Euskal Herriko hamabost ekoizpen etxe izango dira Sunny Side of the Doc azokan

2019/06/24

Euskara. Kultura. Mundura.

Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azoka garrantzitsuenetariko bat da eta bertan izango da beste urtebetez euskal ikus-entzunezkoen sektorea Eiken (ikus-entzunezkoen klusterra), Zineuskadi eta Etxepare Euskal Institutuak sortu eta bultzatutako Basque Audiovisual izenpean.   

Topagune garrantzitsua da ikus entzunezko profesionalentzat. Izan ere, 60 herrialdetako 2000tik gora profesional batzen ditu urteko. Ekainaren 24etik 27ra bitartean Arroxelan (Frantzia) izango da, eta banatzaile, erosle, sortzaile eta ekoizleak hartuko dute parte haien dokumentalak ezagutzera eman eta kanpoko merkatuetara sartu, finantzaketa lortu, lankidetzarako bazkideak bilatu edota sektoreko joera berrienak ezagutzeko helburuarekin.   

Horregatik, azoka topaketa ezin hobea da euskal ekoizpen etxeentzat. Euren dokumental proiektuak ezagutzera emateko eta nazioarteko merkatu nagusietako profesionalengana eta balizko erosleengana iristeko aukera eskaintzen baitu.  

Aurtengo Sunny SIde of the Doc-eko azokan aurkitu daitezkeen Euskal Herriko 15 ekoizpen etxeak honako hauek dira: Arena Comunicación, On Produkzioak, Gastibeltza Filmak, Media Attack, Sonora Estudios, Haruru Filmak-Kooperatiba, Komiki FIlms S.L., Pimpi & Nella Films, Fascina Producciones, Taui Media S.L., Maluta FIlms, Tentazioa Produkzioak, Sincro Producción eta Brisney S.L. Gainera, urtero Donostia Zinemaldian Ibaiak (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren ordezkaritza ere bertaratuko da.  

Basque Audiovisual standean aipatutako produkzio etxeen ordezkariak eta Etxepare Euskal Institutuako, Eikeneko eta  Zineuskadiko ordezkariak arituko dira elkarlanean. Urtero bezala, aurten ere euskal dokumental proiektuak biltzen dituen katalogoa banatuko da standean. 48 lan dira guztira: 16 garapen prozesuan daude, 13 ekoizpen prozesuan eta 19 bukatuta.  

Ikus-entzunezko sektoreari ikusgarritasuna eman eta marka indartzea du helburu egitasmoak. Horrela, atzerriko merkatuetan produktuen berrikuntza eta kalitateari esker ezaguna izan dadin.  

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu