Kinku Zinkunegi: “Euskal Etxeetako euskara irakasleek sekulako motibazio eta inplikazioa erakusten dute”
2023/01/13
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtarrilaren 14tik 21era 20 lagun bilduko dira bederatzi egunez Tandilgo (Argentina) ‘Gure Etxea’ Euskal Etxean euskara ikasteko. Argentinako hiri ezberdinetatik joandakoak gehienak, uruguaitar batzuk ere tartean. Duela hiru urte hasi ziren euskara ikasten eta aurki euskara irakasle bilakatuko dira. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Euskara Munduan programak mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza zabaltzea du helburu. Eta horretarako, irakasle taldeak trebatzea ezinbestekoa da. Programaren koordinatzaile den Kinku Zinkunegirekin hitz egin dugu honen nondik norakoak ezagutzeko
-Urtarrilaren 14tik 21era euskara irakasleak trebatzeko barnetegi bat koordinatzen arituko zara Tandilgo (Argentina) ‘Gure Etxea’ euskal etxean. Zein helburu ditu barnetegi honek?
-Barnetegiak ikas prozesuaren parte dira. Kontuan izan, ikas-prozesuaren atal nagusia online egiten dutela. Euskararen eremu naturaletik 10.000 km-tara daude eta sakabanatuta; batzuk Argentinan herri eta hiri desberdinetan, beste batzuk Txilen, Uruguain eta Brasilen. Beraz, harremana birtuala da neurri handi batean eta ikas-prozesuan trebetasun guztiak beregana ditzaten, ezinbestekoa da tarteka elkartzea, elkarreragina behar duten edukiak lantzeko, nagusiki mintzamenari dagozkion azpi-trebetasunak. Martxotik uztailera, 17 bat astetan zehar, online egiten dute lan. Eta ondoren, barnetegian elkartzen ditugu. Abuztutik abendura bitartean ere eskema bera errepikatzen dugu. Eta urtarrilean, hango udan, urteroko bigarren barnetegia burutzen dugu. 56 ordu ingurukoak izaten dira eta ikasitakoa finkatzea dute helburu. Talde hau 2020an hasi zen. Prozesuaren lehenbiziko fasea oso gogorra izan zen. Covid-a dela eta ezin izan genituen elkartu iazko urtarrila arte, eta bitarteko barnetegiak digitalak, erremotoan, izan ziren. Baina taldeak oso ondo erantzun zuen, eta aurrera egitea lortu genuen, eragozpen guztiekin.
-Barnetegi hauen ezaugarrietako bat da bertako jendea dela prestakuntza jasotzen duena, gerora euskara irakasle aritzeko.
-Euskara Munduan programaren helburuetako bat Euskal Etxeetako irakasle taldea sendotu eta egonkortzea da. Historia pixka bat egiten badugu, orain urte gutxi arte, Euskal Etxeetako euskara eskolak oso prekarioak izaten ziren. Hots, euskaldunen bat baldin ba zebilen inguruan, agian bertako enpresaren batera lanera joana bolada baterako eta, borondatez, zekiena irakasteko prest bazegoen, tarte horretan nola halako eskolak izaten zituzten. Baina, sarritan, Euskal Herrira itzultzen zirenean jarduera eteten zen jakin gabe noiz arte. Horri aurre egin nahian, bertako irakasleak trebatzeak autonomia eta ziurtasun handia eman die Euskal Etxeei. Urteetan trebatu ditugun irakasleei esker, Euskal Etxe askok euskara eskain dezakete eta, are gehiago, aurreko taldeetan trebatutako irakasleak, zenbaitek C1 egiaztatuta, irakasle talde berrietako barnetegietan irakasten dute, programaren efektu biderkatzailea bermatuz.
-Zein da ikasle hauek egiten duten ibilbidea, Euskal Etxe batean irakasle bihurtu arte?
-Irakasle izateko bidea ez da xamurra. Egia esan, sekulako motibazio eta inplikazioa erakusten dute. Lehenengo, Euskal Etxeek proposatzen dituzte irakaslegaiak. Proposamena eta betebeharrak azaltzen zaizkie: %80ko asistentzia eskatzen zaie onlineko jardunean, barnetegietan parte-hartzea, eta urtero aurreikusten den gutxieneko maila gainditzea. Hori bermatzeko, urtero bakoitzak bere Euskal Etxearekin konpromisu-hitzarmen bat sinatzen du. Irakasle izateko gutxieneko euskara maila lortzen dutenean, Hego Ameriketan B1a eskatzen diegu eskolak ematen hasteko, gutxieneko trebakuntza pedagogikoa eskaintzen diegu. Gehienak ez dira irakasleak. Beste langintza batzuetan aritzen dira, beraz, irakaskuntzarako gutxieneko irizpide eta tresnak behar dituzte. Horretarako Irakasle Topaketak antolatzen ditugu Hego Amerika, Ipar Amerika eta Europan. Esan behar dut hauek oso maila desberdinekoak izaten direla. Europako irakasle taldea, esaterako, oso profesionala da, aldakorra izan arren. Horiek C1a egiaztatua dute eta, ondorioz, topaketa didaktiko-metodologikoak izaten dira. Ipar Ameriketako kasuan berriz, irakasle taldea oso ahula da. Bertako premiei erantzuteko gutxiegi dira, eta hangoak direnak, euskaldun zaharrak izan arren, zenbaitetan alfabetatu gabeak dira. Gabezia horrek, Euskal Herritik bolada baterako joandako jendeaz baliatzea eskatzen digu askotan. Horrek, irakasle taldea oso aldakor bihurtzen du eta, kasu horietan, Irakasle Topaketen helburua guztiz desberdina da.
-Zenbat ikasle bilduko dira barnetegi honetan eta nongoak?
-Argentina eta Uruguaiko 20 ikasle elkartuko dira barnetegi honetan. Oraingoan Txile eta Brasilekoek ezin izan dute parte hartu arrazoi desberdinagatik.
-Horietako batzuk kilometro asko egingo dituzte. Euskal Etxeen errealitatea gertutik ezagutzen ez dutenei atentzioa emango die pertsona hauek erakusten duten konpromisoak.
-Bai. Askoren kasuan, orain urte batzuk orain baino gehiago, premia handiagoa zegoelako. Ikasi ahala irakasten hasten ziren. Ezagutu ditut kasuak, esate baterako, astero Irundik Burgoserako distantzia egiten zutenak klaseak emateko, edo Buenos Airesetik Montevideora larunbatero euskara eskolak ematera joaten zirenak. Irakasleen prestakuntzan aurrera egin dugun neurrian, horrelako kasuak gutxitzen joan dira. Bestalde, aurrerakuntza teknologikoek ere asko lagundu digute horrelako egoerak ekiditen. Hau guztia, Euskal Herriko parametroekin ulertzea oso zaila da, ez baita inoren buruan kabitzen Bilbotar batek astero Zaragozara joan beharko lukeenik eskolak ematera.
-Aste oso bat egingo duzue elkarrekin Tandilen. Zein izaten da eguneroko dinamika? Euskara klaseez gain zer nolako jarduerak egiten dituzue?
-Asteko plana nahiko gogorra eta trinkoa da. Lehen bi asteko barnetegiak izaten ziren, astelehenetik ostiralera, asteburuan jai. Horrela 10 egunetan 60 ordukoak antolatzen genituen. Orain urte batzuk, arrazoi desberdinak tarteko (diru-kontuak, batzuk langileak dira eta baimen bereziak edo oporrak erabili behar dituzte, etab.) bederatzi egunetara ekarri genituen barnetegiak. Gaur egun, larunbat batean hasten dira eta hurrengo asteko igandean bukatu. Horrela, oso trinkoak badira ere, 56 eskola ordu jasotzen dituzte eta, baimena behar duenak, astebetekoa baino ez du behar. Ordutegia lau saiotan banatzen dugu. 9:00tik 11:00ra egiten dugu lehenbizikoa. Atsedenaldiaren ostean, 11:30etan, burutzen dugu bigarrena, 13.00a arte. Arratsaldean, 18:00tan hasten gara, ordubetez bakarkako lanean aritzen dira. Ordu erdiko atsedenaldiaren ostean azken saioa egiten dugu, 19:30etik 21:00etara. Eta jarraian afaria. Ikus daitekeenez, tarte gutxi izaten dute eskoletatik kanpo, hala ere, bazkalondoko tarte horretan, Euskal Etxeek, hiriari bisita gidatuak, museoren bat ikusteko aukera, eta abar antolatzen dute.
-30 urte daramatzazu Euskara Munduan koordinatzen. Zenbat euskara irakasle “ekoitzi” ditu programak tarte honetan?
-Aipatu dudan formatu honetan, hau da, lehenengo euskaldundu eta, ondoren irakaskuntzarako trebatu (batez ere Hego Ameriketan), 1990az geroztik 120 bat irakasle trebatu ditugu. Horretarako ezinbestekoa izan da nazioarteko erakundeen elkarlana; NABO (North American Basque Organizations), FIVU (Federación de Instituciones Vascas de Uruguay), lekuan lekuko Euskal Etxeak eta, bereziki, FEVAren (Federación de Entidades Vasco Argentinas) lankidetza eta bultzada. Izan ere, hasiera hasieratik proiektuaren parte eta bidailagun izan da. Hasieran, Argentina Euskaraz egitasmoa aurrera ateratzeko elkarlanean eta, gero, Euskara Munduan programan. Egia da, 30 urte hauetan, gora-behera asko izan dugula. Batetik, uzteak daude, izan ere, gehienak oso gazte hasten dira, unibertsitateko ikasle direnean. Urteak pasa ahala, beren disponibilitatea aldatu egiten da: lana aurkitzen dute, familia osatzen dute eta utzi beharra izaten dute. Bestetik, Argentinak urte hauetan jasandako gora beherekin, batez ere 2000. urtearen inguruan, krisi itzela medio, zenbaitek atzerrira joan behar izan zuen, eta horrek ere dezenteko murrizketa suposatu zuen irakasle taldean. Dena dela, inoiz ez dugu arazorik izan irakasle talde berriak eratu eta gabeziei aurre egiteko. Gaur egun, eskolak ematen horietako 50 bat ari dira eta beste 25 inguru ikasturte honetan hasiko dira irakasten.
-Gaur egun, zenbat pertsona ari dira euskara ikasten Euskal Etxeetan?
-Bataz-beste, 2000 ikasle heldu inguru izaten dugu urtero. Azken urteotan, Covid-a dela eta, jaitsiera izan da, baina 1500 batean mantendu da. Ikasturte honetan, 2000 ingurura ailegatu gara berriro. Hemen aipatu nahi dut helduez gain ume taldeak ere badirela. Hainbat Euskal Etxetan umeentzako tailerrak eratzen dituzte euskarara hurbiltzeko eta, urtean behin, “txikien topaketa” antolatzen dute irailean. Tailer horietan dabiltzan umeak bertaratzen dira, asteburu batez, jolasean, lehiaketetan, eta abarretan parte hartuz. Azkenik, aipatu nahi dut Buenos Aireseko Euskal Echea eskolaren kasua. Eskola hau da mundu osoan euskara kurrikulumean duen ikastetxe bakarra Euskal Herritik kanpo. Bi egoitza ditu eta, guztira, 2000 neska-mutil lehen eta bigarren hezkuntzan. Ikasle hauek euskara ikasgai gisa dute.
-Baja asko izaten al dira ikasketa prozesuan?
-Irakasleak trebatzeko taldeetan oso gutxi. Hasi aurretik, oso argi azaltzen zaie zeintzuk diren betebeharrak eta prozesuaren nolakoa. Adibidez, talde honetan, 30 hasi ziren 2020ko urtarrilean eta, gaur egun, 25ek jarraitzen dute. Irakasle taldeetan izaten ditugun bajak egoera pertsonalei loturikoak izaten dira. Urteen poderioz, haien egoera pertsonala eta disponibilitatea aldatzen joaten da. Horixe izaten da irakasle galeraren arrazoi nagusienetakoa.