Euskal dokumentalak presentzia zabala izango du Sunny Side of he Doc azokan
Euskara. Kultura. Mundura.
EIKEN ikus-entzunezkoen klusterrak eta Etxepare Euskal Institutuak sortu eta bultzatutako Basque Audiovisual zigilupean jasotako katalogo zabal batekin 14 ekoizpen etxe ezberdinetako 20 bat profesional doaz aurten Arroxelara (Frantzia), dokumentalgileentzat urteko hitzordu garrantzitsuena den azokara. Zifra hauek parte hartzaileen gorako tendentzia mantentzen dute eta euskal dokumentalgintzaren momentu onaren isla dira.
Gaurtik ostegunera bitartean euskal enpresek urteko nazioartekotze ekintza garrantzitsuenetakoa burutuko dute 60 herrialde ezberdinetako 2.000 profesionaletik gora (ekoizleak, banatzaileak, telebistak, sektore digitala) biltzen dituen azokan.
Hauek dira aurten Sunny Side of the Doc-era bertaratuko diren ekoizpen etxeak: Baleuko, Banatu Filmak, Doxa Producciones, Esrec, Fascina Producciones, Izar Films, Labrit Multimedia, Rec Grabaketa Estudioa, Sincro Producción, Sr. Y Sra., Taui Media, Arena Comunicación, Txalap.art eta Zinea Sortzen. Hauez gain, urtero Donostiako Zinemaldian Ibaiak (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa ere egongo da ordezkatuta.
24 dokumental proiektu jasotzen dituen katalogoa eta bezero eta partner posibleekin bilerak egiteko stand propioaz gain, euskal ekoizleek Etxepare Institutua izango dute lagun. Oro har, Sunny Side of the Doc-en egoteak, produktuak ezagutzera emateko eta kanpoko merkatuetara sartzeko aukera ez ezik, proiektuak finantzatzeko, lankidetzan jarduteko edo negozio ideia berriak jasotzeko aukera eskaintzen dio euskal ikus-entzunezkoen sektoreari. Horrez gain, hitzaldi ezberdinen bidez, sektorearen joera berrienak ezagutzeko aukera eskaintzen du azokak.