Euskara. Kultura. Mundura.

Dantza Dantza

Euskal dantzak munduaren zirkuluan dantzatzen du. Tokiko kultura koreografiko aberatsak dantzari trebeak eman ditu, hala euskal dantza tradizionalean ari direnak nola dantza klasikoan eta garaikidean arrakastaz atzerrian nahiz bertan ari direnak. Biarritz euskal dantzaren hiriburua da. Han daude Koreografia Zentro Nazionala eta Malandain Ballet Biarritz konpainia, eta han ospatzen da Maitaldia dantza jaialdia aspaldian. Azken urteetan, gainera, euskal erakundeek babestutako dantzari gazteen harrobi den Dantzaz konpainia ahalegin berezia egiten ari da dantza garaikidea euskal lurralde osora eramateko. Biarritz dantzaren hiriburua bada, euskal udalerri bakoitza   paregabeko dantza-plaza bihurtzen da neguko eske-errondak, inauteriak eta festa-egutegia tarteko. Euskal dantzen mapa oparoa da: Zuberoako maskaradak eta Lantzeko inauteriak, Legazpiko eta Markina-Xemeingo ezpata-dantzak, Durangaldeko trokeo-dantzak edota soka-dantzatik askatutako aurreskua da euskal ohorezko dantza nagusia. Europako dantza tradizionalen testuinguru aberatsean, euskal dantzak ezaugarri komunak eta bereiziak ditu.

Dantza zaletasuna eta kulturarekiko atxikimendua lagun, euskaldunek lan eskerga egin dute tradiziozko dantza errepertorio aberats eta ikusgarriak iraun zezan. Hala, egun, euskal dantzariak eskura ditu koreografia-ondare aberatsa eta sorkuntzarako dantza-lengoaia garaikidea. Erromantizismoa eta nazionalismoa folklore alorrean ustez desagertzen ari zen kultura berreskuratzeko eta biltzeko ahaleginaren ernamuina izan ziren. Segundo Olaetak Elai-alai euskal dantza taldea sortu zuen Gernikan 1927an. Aldi berean, Resurreccion Maria Azkue eta Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia ikerketan ari ziren buru-belarri. Halaber, abangoardiako korronte artistikoen emankortasunak zekarren sorkuntza-grina puri-purian zegoen. 36ko gerrak etena ezarri zion joera hari. Atzerrian, ordea, euskal doinu eta dantzek inoiz baino oihartzun gehiago izan zuten. Frantzian erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak musika eta koreografia enbaxada antolatu zuen eta Eresoinka taldea sortu zuen. Euskal kantari, musikari eta dantzari talde handia bildu zuten eta ikuskizunak eskaini zituzten Europako hamaika herrialdetan.

1960ko hamarraldian euskal kultura suspertu egin zen. Jorge Oteiza eskultoreak Arte Garaikidearen Euskal Eskola akuilatu zuen, musikaren esparruan Ez dok Amairu taldeak abangoardia zein tradizioa uztartu zituen eta Argia dantza taldeak dantza jarduna errotik aldatu zuen Juan Antonio Urbeltzen eskutik. Taldea dantza tradizionalen sustraiak ikertzeko, tokian tokiko folklore bilketa-lana abiatzeko eta koreografia-ondare tradizionala balioztatzeko, berreskuratzeko nahiz birsortzeko olatu handia izan zen. Argiak, 1988an, Zortziko ikuskizunean euskal dantzen sintesi-ikuskizuna sortu zuen. Telmo Esnal zuzendariak Argiaren lana oinarri hartuta Dantza film arrakastatsua ondu zuen 2018an.

XX. mendearen amaieratik gaur arte, dantza tradizionalak emateko modua erabat berritu duten taldeak jaio dira Euskal Herrian. Tradiziotik edaten dute suiteak, balletaren estetikara hurbildu nahi duen dantzakera estilizatua, kantua eta dantza uztartzeko joera eta dantzaren erabilera narratiboa egiten duten talde txikiak dira. Edu Murumendiaraz eta Jon Maya dantzariek sortutako Aukeran eta Kukai konpainiak dira, hurrenez-hurren, puntakoenak. Ballet dantzarien artean, asko dira atzerrian lanean ari direnak. Adibidez, Itziar Mendizabal Londreseko Royal Balleteko lehenengo dantzaria da, Asier Uriagereka Monte-Carlo Balletean ari da eta Igor Yebra Uruguaiko Ballet Nazionaleko zuzendari artistikoa da. Dantza garaikidea Euskal Herrira ekarri zuten Jose eta Concha Lainez. Haien Anexa eta Yauskari taldeek zabaldu zuten ordura arte arrotza zen dantzakera. Iparraldean Mizel Theretik Ekarle konpainia sortu zuen. Egun, Asier Zabaleta eta bere Ertza konpainia dira euskal dantza garaikidearen erreferente nagusiak. Damian Muñoz, Idoia Zabaleta, Matxalen Bilbao eta Olatz de Andres ere ezinbestekoak dira.

Euskal dantzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu