Euskal artistak Fringe jaialdian: “Gure lana Fringe jaialdian aurkezteak berau obra eszenikoentzako munduko erakusleiho handienean ezagutzera emateko aukera ematen digu”

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-04-10

Duela bi aste Edinburgh Festival Fringe jaialdiaz jardun genuen. Arte eszenikoen zabalkunderako munduko plataformarik handiena den horretan Krego-Martin Danza, Akira Yoshida, HQPC kolektiboa eta Tio Teronen Semeak ariko dira aurten, Scotland Goes Basque programaren baitan.

Duela bi aste Edinburgh Festival Fringe jaialdiaz jardun genuen. Arte eszenikoen zabalkunderako munduko plataformarik handiena den horretan Krego-Martin Danza, Akira Yoshida, HQPC kolektiboa eta Tio Teronen Semeak ariko dira aurten, Scotland Goes Basque programaren baitan. Orain artistei galdetu diegu euren lana agertoki hartan aurkezteak zer esan nahi duen eta honako hau erantzun digute.

 

Maria Martín

Krego-Martín Danza

“Fringe jaialdia mundu osoan da ezaguna eta benetan garrantzitsua da gure lana maila horretan ezagutzera ematea. Ez dakigu han gaudela zer gertatuko den, baina ziur gaude bizipen ikaragarria izango dela. (Non) Comfort Zone eramango dugu; horren work in progress Dusseldorfeko Internationale Tanzmesse NRW azokan aurkeztu genuen (lehenbiziko euskal konpainia izan ginen Europako dantza azoka nagusienatzat jotzen den hartan). Horrexegatik, oso garrantzitsua da guretzat ikuskizun hori orain Fringen aurkeztea, publiko ororen aurrean, baina batez ere jaialdiaren inguruan urtero biltzen diren profesionalen aurrean (programatzaileak, ekoizleak, artistak, …). Esperientzia honen garrantzia haratago doa, nazioarteko beste hainbat tokitan jarduteko bideak ireki eta gure lanak mugak gainditzen jarrai dezan ahalbidetuko baitu. Edonola ere, publikoak egiten dugunaren partaide sentitzea izango litzateke, ezbairik gabe, lorpenik handiena. 

(Non) Comfort Zone moldatu egingo dugu showcase formatuan aurkezteko, Akira Yoshida eta HQPC kolektiboarekin batera. Aukera aparta izango da euskal dantza garaikidea merezi duen tokian kokatzeko”.

 

Maylis Arrabit, Xabier Madina eta Ebi Soria

HQPC

Habrá que ponerse cachas Edinburgh Festival Fringe jaialdian aurkezteak aukera ematen digu gure lana obra eszenikoentzako munduko erakusleiho handienean ezagutzera emateko; hortaz, guretzako itzela da gure ikuskizunari hain zabalkuntza handia emateko aukera eman izana. Bereziki nabarmentzekoa da muntaia sarkari bat maila goreneko jaialdi batek hautatua izatea; horixe baita gure helburua, publikoari zer egiten dugun ulertzen lagunduko dion etiketa batekin iritsi arren, handik inolako etiketarik gabe irtetea, alegia. Zentzu horretan, aipagarria deritzogu, halaber, ahalmen urritua duen emakume batek sortu eta gauzatutako ikuskizuna hautatu izana; ez da ohikoa eta itxaropentsu gaude normaltasun zantzu horren aurrean.

Eskertzen dugu, gainera, Fringe jaialdiaren bidez, astebetez gure lana ikuskatu eta berau jaialdiaren testuingurura egokitzen lagunduko digun antzerkigile baten lankidetza. Beti da aberasgarria proiektutik at dagoen profesional batek bere ikuspegitik ikuskizuna aztertu eta garatzen laguntzea”.

 

 

Akira Yoshida

dantzaria

“Niretzat Fringe jaialdian dantzatzea izugarrizko opari bat da. Atzerrian lau urte egon eta gero, poza ematen dit nolabait Euskal Herriko lanen artean egoteak. Uste dut lan handia egin dudala azkeneko urte hauetan eta orain atzerrian lan egiten ari naiz, Europa osoan zehar eta hemendik hilabete batzuetara baita ere Mexikon, Kolonbian... Baina sentipen ugari dauzkat nire eskualdearekiko. Nire lagunak, nire Bboying taldea, nire familia osoa. Hemen nire oinarriak ikasi ditut eta energia berri bat ekarri nahiko nuke eskertze moduan. Kasu honetan Edinburgora noa, baina nolabait ere Euskadiko erroekin. 

Ez dakit zer gertatuko den nire lanarekin Fringe eta gero. Badauzkat beste zenbait erakusketa, baina oso ondo egongo litzateke bultzada bat jasotzea!

 

Aritz Salamanca

Tio Teronen Semeak

“Edozein artistarentzat Edinburgh Festival Fringe-en parte hartzea amets bat gauzatzea da. Arte eszenikoetan erreferente den nazioarteko jaialdi horrek  bere kaleak arretaz mainatzen ditu eta horiek bizi propioa hartzen dute. Bertan, munduko txoko guztietatik etorritako punta-puntako dantzari, musikari, aktore-aktoresa eta askotariko artistek eta abarrek, gerturatzen diren milaka ikusleekin batera, eremu kultural ezin hobea bilakatzen dute jaialdia, non lilura, poza eta forma artistiko berriak diren irizpide nagusiak. Plazer hutsa izan da ikusle modura jaialdira bertaratu garenean; beraz, benetako luxua eta ohorea izango da guretzat festa erraldoi horren parte aktibo izatea. 

Lan askoren ondoren ailegatu den sari hau euskal kultura sustatzen dugun taldeontzat irudika genezakeen erakusleihorik hoberena da. Beraz, gehien gustatzen zaigun modura aurkeztuko dugu FreshCool Edinburgoko kaleetan zehar, umoretsu, giro ederrean eta euskaraz; gure hizkuntzak batez ere Fringe bezalako testuinguruak merezi dituelako.

Pozez gaude sekulako opari bat egin digutelako eta irekitzeko irrikitan gaude”.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu