Euskal arteak bere indarra erakutsiko du ARCO Madrilen
Euskara. Kultura. Mundura.
Madrilgo ARCO Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 43. edizioak ateak irekiko ditu gaur, eta aurten ere, euskal artearen hainbat ordezkari izango dira bertan. Aurten 36 herrialdetako (73 naziokoak eta 135 nazioartekoak) galerista, bildumagile, artista eta komisarioentzako topagune garrantzitsu honetan parte hartuko dute martxoaren 10era arte (igandea). Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Imanol Otaegi, Etxepare Euskal Institutuko Kultura Zuzendaria, azokaren inaugurazioan izan dira eta artista euskaldunen lanak bisitatu dituzte.
Azorkaren Programa Orokorrean euskal galeria batek parte hartzen du: Bilboko Carreras Múgica galeria, hitzordura ohituta dagoen beteranoa.
Besteak beste, Sahatsa Jauregi (ATM Galeria), June Crespo (Carreras Mugica, Ehrhardt Flórez eta P420 galeriak), Itziar Okariz (Pérez de Albéniz), Ixone Sabada (ATM Galeria), Kepa Garraza (Alvaro Alcazar Galeria), Jorge Oteiza (Marc Domènech Bartzelonakoa), Ángel Bados (Carreras Múgica), Elena Aitzkoa (Rosa Santos), Manu Muniategiandikoetxea (Espacio Mínima), Gala Knorr (T20), Itziar Barrio (Àngels Barcelona), Esther Ferrer (Àngels Barcelona) eta Nora Aurrekoetxea (Galería Juan Silió) artisten lanak izango dira ikusgai.
Bestalde, ArtsLibris arte-liburuari buruzko atalak bildumazaletasuna sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta erreferentziazko gunea da artistaren argitalpenetarako, autoediziorako, fotolibururako eta pentsamendu garaikiderako. Aurten Connsoni eta Belleza Infinita argitaletxeek hartuko dute parte, biak bilbotarrak.
ARCOren programazioaz gain, Madrilgo beste museo eta erakusketa-zentro batzuetan ere izango da euskal arteaz gozatzeko aukera. Ibon Aranberriren lana Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía museoan dago ikusgai martxoaren 11ra arte, eta Irati Iñorizarena, berriz, La Casa Encendidaren Generación 2024 erakusketan.
ARCOk Kariberi lotutako galeria eta artisten ikerketara zuzendu du azokaren 34. edizioaren ikerketa gaia (La orilla, la marea, la corriente: un Caribe oceánico’).
Azokako lehen egunak profesionalentzat soilik izango dira, ostiraletik aurrera (martxoak 8) publiko orokorrari ere ateak zabalduko dizkio. Azokak aurtengo parte hartzaileen arteko parekotasuna nabarmendu du, aurten artisten partehartzaileen %43 emakumeak baitira.