Euskara. Kultura. Mundura.

Antzerkia Antzerkia

Euskal antzerkiak mundua interpretatzen du. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez mintzo da eta,  eleaniztasunak zabaltzeko arazoak sortu badizkio ere, moldatzeko gaitasuna izan du eta aroz aro aberastu da. Gure antzerki-kultura aspalditik badator ere, gutxi dira iraganari buruz hitz egiten diguten dokumentuak. Nolanahi ere, jakin badakigu XV. mendeko ospakizunetan antzerkia euskaraz egiten zela. Antzerki tradizionaletik datoz Iparraldean bizirik dirauten pastoralak eta maskaradak. XVIII. mendean Peñafloridako Kondeak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek euskal antzerkiari hauspoa eman zioten. Gure antzerkiaren historiaren iragan hurbila idatzi zuten antzerkigile nabarmenen artean daude Marcelino Soroa, Joanes Etxeberri eta Toribio Altzaga.

Bigarren Errepublikan antzerkia euskal hirietatik harago zabaldu zen eta, orduz geroztik, euskal publikoa bidelagun fidela izan du. Garai berean sortutakoa da Antzerti, Antonio María Labayenek zuzendutako antzerkiari buruzko lehenengo euskal aldizkaria. Gerora, Eskualduna aldizkarian, Baionan 36ko gerraren aurretik sortua, 1950-1976 tartean, Piarres Lartzabal eta Telesforo Monzón antzerkigileek kolaboratu zuten. Donostiako Deklamazio Eskolak bide luzea egin zuen eta bertan emakumeek parte-hartze zuzena izan zuten –Katalina Eleizegi da garaiko antzerkigileetako bat eta, beranduago, eskolako zuzendari izan zen María Dolores Agirre euskal antzerkiaren ezinbestekoen artean dago–. 

Diktaduraren lehenengo hamarkada antzuaren ostean, elizaren gerizpean suspertu zen euskal antzerkia eta herri askotan antzerki-talde amateurrak sortu ziren. 1960ko hamarkadaren erdian Europan haizatu zen mugimendu iraultzailea artearen eta sormenaren esparruetan barreiatu zen eta euskal antzerkia goitik behera eraldatu zuen hala estetikoki nola hizkuntza aldetik. Euskal taldeak antzerki modernoagoa eta konprometituagoa egiten hasi ziren. Donostiako Jarrai taldeak garaiko eraldaketa hezurmamitu zuen; Tennessee Williams eta Eugène Ionesco antzerkigileen obrak euskal taula gainera ekarri zituen eta antzerkigile gazteen lanei tokia egin zien, gazte haien artean zegoen Gabriel Aresti. Jarrai taldearen parekoa izan zen Xirristi-Mirristi taldearen rola Iparraldean, Daniel Landart antzerkigileak sortutakoa.

Aresti, frankismoaren hondarrean, Bilbotik aritu zen euskal antzerkiaren abangoardia-mugimenduaren  arima izan zen. Handik edan zuen ernatzen ari zen euskal antzerki independentea. Maskarada Euskal Herriko lehenengo antzerki-talde profesionala izan zen eta Maskarada izan zen, baita ere, antzerki obra bat euskaraz landu eta taularatu zuen lehenengo talde profesionala. Euskara, ordura arte, herrietan ibilbide luzea zuten antzerki-talde amateurren hizkuntza zen. Gaur egun, talde batzuk eskaraz bakarrik aritzen dira eta beste batzuek bi hizkuntzatan aurkezten dituzte beren obrak.

Euskadiko Antzoki Sarearen datuen arabera, 2.000 emanaldi egiten dira urtean, asko eta asko haurrei zuzendutako euskarazko antzezlanak dira. Denboraren joanean ekoizpen-eredu berriak sortu dira eta euskal antzerkia nazioartean bere ibilbidea egiten ari da. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza goi-mailako eskolan arte eszenikoetan trebatzeko aukera dago eta ez dira gutxi gurean egiten diren antzerki-jaialdiak.  

Euskal antzerkiak hizkuntza unibertsala bereganatu du. Bertakoa eta kanpokoa barne biltzen ditu lantzen dituen gaietan eta erabiltzen dituen formatuetan. Dituen baldintzen mugatik ikasi du bere burua asmatzen eta etengabe aldatzen ari da kontatzen dituen bizitzak aldatzen diren bezala. Muntaia handienetik txikienera, euskal antzerkiaren sektorean lan egiten duten sortzaile, ekoizle, banatzaile zein teknikariek, den-denek oihala jaitsi ez dadin lanean ari dira.

Euskal antzerkiari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu