Euskadi Literatura Sariak 2021: Lizarralde, Lertxundi, Elosegi, Gururtxaga, Rodríguez, De Isusi eta Reparaz
Euskara. Kultura. Mundura.
Pello Lizarraldek Euskarazko Literatura saria jaso du ´Argiantza´ eleberriagatik, Anjel Lertxundik Haur eta Gazte Literatura saria irabazi du ´Haltzaren muinoa´ lanarekin, eta Joxan Elosegiren ´Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak´ (Irene Solá) liburuaren itzulpena ere saritu du Euskadi Literatura Sarietako epaimahaiak. Saiakera Euskaraz modalitatean, Alex Gurrutxaga Muxika saritu dute, ‘Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria’ lanagatik.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman ditu ezagutzera Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleak.
Epaimahaiaren iritziz Pello Lizarralderen ‘Argiantza’ liburuko pertsonaien inguruan eraikitzen duen “atmosfera harrigarriak” erabat harrapatzen du irakurlea. Gainera “ahots-narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna” eskaintzen du Lizarraldek.
Anjel Lertxundiren ‘Haltzaren muinoa’ “kalitate literario” handiko obra dela uste du epaimahaiak “esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eginiko erreferentziak direla medio eta gazte literaturako klasikoei; aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik”.
Joxan Elosegiren itzulpenaz epaimahaiko kideek “estiloaren joritasuna nabarmendu dute, jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu duelako”. Epaimahaiarentzat azpimarratzekoak dira “itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormenerako gaitasuna Irene Solàren estiloak eta testuaren tonuak jarritako erronkei erantzutean”.
Alex Gurrutxagaren Aberriaren poeta kantariak “ekarpen handia egiten du Xabier Leteren poeta eta bere obraren inguruan” epaimahaiaren iritziz eta “gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta gainera bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giroa eta pentsamenduarekin”.
Lan bikain, zorrotz eta biribilak
Gaztelaniazko literaturaren kategorietan saritu dituzte: Literatura Gaztelaniaz modalitatean, Txani Rodríguez Hernández, ‘Los últimos románticos’ lanagatik; Lan Literarioen Ilustrazioarenean, Javier de Isusi Garcíaren ‘Historias del Exilio colombiano’; eta Mikel Reparazen ‘Las grietas de América’ saritu dute Gaztelaniazko Saiakeraren atalean.
Epaimahaiaren iritziz Txani Rodríguez-en idazkera “zorrotza da, xehetasunari adi dago eta erritmo narratibo bikaina du. Ahots freskoa du, originala eta berezkoa, eta horixe da epaimahaiaren arreta gehien erakarri duen ezaugarria”.
Bestalde epaimahaikideentzat Javier de Isusiren ‘Transparentes. Historias del Exilio colombiano’ lana “pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du”.
Bukatzeko Gaztelaniazko Saiakerako epaimahaiak uste du Mikel Reparazen ‘Las grietas de América’-n, Ameriketako Estatu Batuetatik proposatzen duen bidaia bikain idatzita dagoela eta azpimarratzen dutenez, “gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, bai eta tratamenduaren koherentzia ere”.