Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleen topaketa egin da Mallorcan

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-10-17

Aurten ere Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleen topaketa egin da. Etxepare Euskal Institutuak antolatutako ekitaldiak Mallorcako Artea Euskal Etxea izan du oraingoan anfitrioi.

Topaketa urriaren 13an eta 14an egin da Obra Cultural BalearrenBalear-ren egoitzan, Ca n’Alcover Espai Cultural-ean. Paris, Valladolid, Bartzelona, Berlin, Valentzia, Pau, Madril eta Bordeleko euskal etxeetako irakasleentzat bi lanegun aberasgarriak izan dira. Topaketan elkarren esperientziak eta metodoak bateratu eta ikasturte  berriaren erronkak eztabaidatu dituzte eta elkarrekin lan egiteko aukerez hitz egin dute. Jon Urdangarin, Maizpideko irakaslea eta Euskara Munduan materialen egilea, izan zen saioen gidarietako bat, non Euskara Munduan proiektuaren bitartez distantzian euskara irakasteko irizpideak eta online baliabideak landu zituen.

Duela 11 urte hasitako irakasleen profesionalizazio prozesuarekin jarraituz, hurrengo hitzordua programatuta geratu da eta 2024ko urrian Berlingo Euskal Etxean izango da.

Nabarmentzekoa da parte-hartzaile guztien balorazio positiboa eta prestakuntza honek gure Euskal Etxean euskararen irakaskuntzaren kalitateari egiten dion ekarpena. Euskara Munduan programako koordinatzaileak, Kinku Zinkunegin, nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela topaketa hauetan lortzen diren emaitzak, izan ere, “Euskal Etxe bakoitzak oso bestelako egoera eta baldintzak ditu, eta elkarrekin puntu komunak eta erronkak partekatzea, eta taldean ikasturtean zehar jorratu daitezkeen gaiak eta materialak trukatzea oso emaitza honak ekartzen dizkio irakasle taldeari”.

Etxepare Euskal Institutua eta Euskara Munduan programa

Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin.

Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu