Euskal Barrokensemblek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren saria 2024ko Musika Bulegoa sarietan
Euskara. Kultura. Mundura.
Hamaika euskal artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoa sarien zortzigarren edizioan. Maiatzaren 15ean Iruñeako Zentral Aretoan egindako ekitaldian. Bertaratu diren gonbidatuek Janus Lesterren zuzeneko kontzertua entzuteko aukera izan dute. Etxepare Euskal Institutuaren saria Euskal Barrokensemblek eskuratu du, "antzinako musikaren esparruan estilo propioa lantzeaz gain, hura euskara eta euskal kulturarekin sustraitu eta munduko bestelako hizkuntza eta kulturekin uztartzeagatik", eta oro har, euskal kultura zabaltzeagatik egindako lanarengatik.
Musika Bulegoa Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea. Ekitaldian izan dira erakundeetako ordezkari ugari eta sektoreko ehun profesionaletik gora: musikariak, ekoizleak, managerrak, programatzaileak…
Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek 2023an sortutako 120 musika-proiektu eta -proposamen aztertu ditu musika sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, bederatzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. Hala, sarien zortzigarren edizio honetako saridunak hauexek izan dira:
Bas(h)oan II, ‘Bas(h)oan II’ proiektuagatik; BilbaoSinfonietta, ‘Arrosa xuriaren artean (A pocket opera by Francisco Domínguez & BilbaoSinfonietta)’ lanarengatik; Ibil Bedi, ‘Goldea’ diskoarengatik; Izaro, ‘cerodenero’ proiektuagatik; Janus Lester, ‘Ate birakariak’ lanarengatik; Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja, ‘Irati’ filmaren soinu bandarengatik; Rüdiger, The Dancing King abestiarengatik; Zetak, ‘AAZTIYEN’ lanarengatik eta Euskal Barrokensemble, euskal kultura nazioartean zabaltzen egindako lanarengatik (Etxepare Euskal Institutua Saria).
Saritutako proiektu hauek, 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.
Aurtengo nobedade nagusia Publikoaren Saria izan da. Musikazaleek 50 proiektu finalisten arteko gogokoena aukeratu dute, aplikazio baten bidez, eta ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea jaso ditu bozka gehien.
Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Gor diskak diskoetxeari, bere ibilbidea eta euskal musikari egindako ekarpena aitortzeko helburuz. 2023an ateak itxi zituen disketxe nafarrak historia egin du 300 disko baino gehiagorekin eta Berri Txarrak, Manolo Cabezabolo, Exkixu edo Ken Zazpi bezalako taldeak gidatzen.
“Euskal musikaren aniztasunaren isla” izan da Zentral aretoan jazotakoa, Maddi Arana, EHMBEko lehendakariak azpimarratu duenez "Gaur ikusi eta entzun ahal izan duguna euskal musikaren aniztasunaren isla garbia da”. Aurtengo saridunak genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari direla adierazi du. Bertan askotariko artista, musika sektoreko profesionalak, managerrak, ekoizleak, programatzaileak eta batez ere musikazaleak izan dira.
Ainhoa Vitoriak eta Julen Telleriak gidatutako sari-banaketan zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte sarituak izan diren hiru artista; Ibil Bedi, Izaro eta Rüdger, hain zuzen ere. Gainera, ekitaldia bukatzeko, Janus Lesterrek kontzertua eskaini du sari banaketaren ostean, publiko orokorrari irekia.
Zortzigarren edizio honetarako, Musika Bulegoak LABORAL Kutxa eta Bizkaiko Foru Aldundia izan ditu babesle nagusi, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Etxepare Euskal Institutua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Iruñeko Udala eta Sympathy for the Lawyer babesle eta SGAE Fundazioaren eta Zentral aretoaren lankidetza.