Etxepare Portugalgo arte eszenikoen programatzaileekin bildu da Bilbon

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-10-02

Gaur hasi eta asteburuan zehar luzatuko den Leioako Kaleko Arteak ekimenaren markoan, Portugalgo arte eszenikoen programatzaileen delegaritza bat gonbidatua izan da bertako eskaintza artistikoa ezagutu eta harremanak egitera. Tartean, Etxepare Euskal Institutuarekin ere bildu dira gaur, Institutuaren eginkizunen eta euskal konpainien kontratazioa estimulatzeko dituen neurri pizgarrien eta dirulaguntzen berri emateko xedez.

Artekalek, Euskal Herriko kale arteen elkarteak, gonbidatu du delegaritza hau Leioako topaketara. Etxepare Euskal Institutuko Kultura saileko zuzendaria, Imanol Otaegi, haiekin bildu da Bilboko Azkuna zentroan gaur goizeko 11:00etan. Bertan, batetik, Institutuaren berri eman eta euskara eta euskal kultura atzerrian nola sustatzen duen azaldu die. Bestetik, euskal antzerki eta dantza konpainiak Portugaleko programazio esanguratsuenetan txertatzeko bideen eta neurri pizgarrien inguruan eztabaidatu dute.

Delegaritzak, Bilbora egindako bisitaren ostean, Leioan egiten ari diren Kaleko Arteen topaketako hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango du. Guztira, dantza, antzerkia, umorea, akrobaziak eta zirkua egiten duten 20 konpainiaren 20 lan egongo dira ikusgai asteburu honetan. Leioako kaleetan, Aldapa Auditoriumean eta Barandiaran Behekoa institutuko patioan egongo dira jarduera horiez gozatzeko guneak. Ikus egitarau osoa hemen.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu