Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren deialdia ireki da

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-01

Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak elkarlanean sortutako itzulpengintza sariaren deialdia gaur ireki da, eta hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 26ra bitarte egongo da zabalik. Ekimenak, jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzea du xede, itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia.

Nazioarteko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2019. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.

4.000 euroko sari bakarra emango da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibanatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxeak egindako sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan (irailak 30) egingo da, Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak aurrerago adostuko duten lekuan eta egunean. Epaimahaia, berriz, itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta LABORAL Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute.

Sariaren oinarriak ondorengo estekan aurki daitezke gaurtik aurrera.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu