Etxepare LABORAL Kutxa Itzulpen Sarira proposamenak bidaltzeko epea ireki dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-06-05

Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak urtero antolatzen duten itzulpen sarira proposamenak bidaltzeko epea irekita dago. Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta 2022ean argitaratutako literatura obra baten itzulpen lana sarituko da. Horrela, euskarazko literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea gure eremutik kanpo sustatu nahi dituzte bi erakundeek, elkarlanean. Ekainaren 5tik 30era bitartean egongo da deialdia irekita.

Itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartuko dira erabakia hartzerakoan. Saria 4.000 eurokoa izango da; zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak jasoko dute, erdibana.

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2022. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

2022ko Etxepare- LABORAL Kutxa Itzulpen Saria Mariolein Sabarte Belacortuk irabazi zuen, Zirimiripress argitaletxearekin batera plazaratutako Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ obraren nederlanderara egindako itzulpenagatik: ‘Moeders zullen nooit’.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu