Etxepare LABORAL Kutxa Itzulpen Sarira proposamenak bidaltzeko epea ireki dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-06-13

Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak urtero antolatzen duten itzulpen sarira proposamenak bidaltzeko epea irekita dago. Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta 2021ean argitaratutako literatura obra baten itzulpen lana sarituko da. Horrela, euskarazko literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea gure eremutik kanpo sustatu nahi dituzte bi erakundeek, elkarlanean. Ekainaren 13tik uztailaren 1era egongo da deialdia irekita.

Itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartuko dira erabakia hartzerakoan. Saria 4.000 eurokoa izango da; zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak jasoko dute, erdibana.

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2021. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

2021eko edizioan, Nami Kaneko itzultzaile japoniarrak eskuratu zuen saria, ‘Soinujolearen semea’ eleberriagatik. Zuzenean itzuli du euskaratik japonierara, eta lan horren kalitatea aitortzeko asmoz izendatu zuen sariaren zazpigarren irabazle epaimahaiak. Shigeki Tabata editorearen gidaritzapean, Shinchosha argitaletxeak plazaratu zuen lana 2020an.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu