Etxepare Euskal Institutuak 2018an lagundutako euskal liburuen itzulpen batzuk argitaratu dira

2019/10/18

Euskara. Kultura. Mundura.

2018. urtean euskarazko liburuak beste hizkuntzetara itzuli ahal izateko eskainitako diru-laguntzek fruitu berriak eman dituzte. Diruz lagundu ziren 15 itzulpenetatik, beste hiru argitaratu berri dira: Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eleberriaren danierarako itzulpena, Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eleberriaren albanierarako itzulpena, eta Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin-bildumaren katalanerako itzulpena.

2018. urtean euskarazko liburuak beste hizkuntzetara itzuli ahal izateko eskainitako diru-laguntzek fruitu berriak eman dituzte. Diruz lagundu ziren 15 itzulpenetatik, beste hiru argitaratu berri dira: Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eleberriaren danierarako itzulpena, Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eleberriaren albanierarako itzulpena, eta Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin-bildumaren katalanerako itzulpena.

Ane-Grethe Østergaard itzultzaileak eraman du danierara Katixa Agirreren 2015. urteko Atertu arte itxaron liburua. Eleberriak bikote batek Euskal Herrian zehar egiten duen bidaia kontatzen du, road movie tankerako narrazio batean. Argitaratutako urtean bertan Akademia Saria irabazi zuen lan honek, eta dagoeneko, danieraraz gain, gaztelaniara ere itzuli da, tartean. Aurora Boreal argitaletxeak atera du danierarako itzulpen hau, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.

Eider Rodriguezen ipuin bilduma katalanera itzultzearen arduradun izan da Pau Joan Hernàndez, eta argitaletxea, bestalde, Bartzelonan egoitza duen Edicions del Periscopi. Rodriguezen lanak, 2017an argia ikusi zuenak, sei ipuin biltzen ditu, izenburua ematen dion Bihotz Handiegia izanik lehena eta luzeena. Bihotz Handiegia bilduma ere gaztelaniara itzulia izan da dagoeneko.

Soinujolearen Semea eleberria itzulia izan den hizkuntza kopurua, halaber, hiruetan handiena da: ingelesera, suedierara, bulgarierara, frantsesera, daniarrera, italierara, alemanierara, errusierara eta galizierara izan da itzulia, besteak beste; eta zerrenda horri albaniera gehitu zaio oraintsu, Bashkim Shehu autorearen eskutik. Donostia 2016 Hiriburutza Kulturalean zehar gauzatu zen Chejov vs. Shakespeare egitasmoan gutun-korrespondentzia partekatu zuten Atxaga eta Shehuk, eta harreman horretatik atera da, besteak beste, itzulpen hau egiteko nahia. 2003an argitaratutako eleberri honek Joseba eta David lagunen gorabeherak kontatzen ditu, 1930eko hamarkadatik XXI. mendera arte, Euskal Herriko gatazkaren giroan.

2018. urtean itzulpenak egiteko diru-laguntzak jaso zituzten proiektuetatik, beste batzuk dagoeneko argitaratu dira. Oraindik argitaratu ez diren proposamenek, ostera, 2019ko abendura bitarte dute itzulpenak argitaratzeko tartea.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu