Etxepare- Laboral Kutxa Itzulpen Sarian izena emateko epea ekainaren 30ean bukatuko da
2017/06/27
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare-Laboral Kutxak Saria euskaraz idatzitako literaturaren itzulpena aitortzeko asmoz jaio zen 2015ean. Hirugarren edizioa izango du aurtengoa, eta dagoeneko zabalik dago izena-emateko epea, ekainaren 30a arte. Ikusi baldintza guztiak esteka honetan.
Etxepare-Laboral Kutxak Saria euskaraz idatzitako literaturaren itzulpena aitortzeko asmoz jaio zen 2015ean. Hirugarren edizioa izango du aurtengoa, eta dagoeneko zabalik dago izena-emateko epea, ekainaren 30a arte. Ikusi baldintza guztiak esteka honetan.
Argitaletxea eta itzultzailearen artean banatzen diren 4000 euroko saria Isaac Xubín itzultzaile galiziarrak eta Kalakandra argitaletxeak eskuratu zuten lehenengoz, Joseba Sarrionandiaren poemak biltzen dituen “Tempo de exilio” lanaren galizierarako itzulpenagatik, emozioz beteriko sari-banaketan, non Sarrionandia beraren hitzak entzun ahal izan ziren.
Nami Kaneko itzultzailea eta Hakusuisha argitaletxea gailendu ziren, aldiz, 2016ko edizioan, Kirmen Uriberen Mussche lanaren itzulpenagatik.Euskaratik itzuli duen bigarren lana da hau, Uribe beraren Bilbao-New York-Bilbao itzuli ostean. 2015ean itzuli zuen Mussche, eta japonierara egindako itzulpen onenaren saria ere eskuratu zuen lanak.
Aurreko edizioetan bezala, itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartuko dira erabakia hartzerakoan; hori dela eta, 4000 euroko saria argitaletxeak eta itzultzaileak partekatuko dute, erdibana. Gainera, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute onuradunek, sari-banaketara etorri ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak, publizitate kanpainak, elkarrizketak…).
Izena eman ahal izateko lanak jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-obra baten itzulpena behar du izan, 2016. urtean argitaratutakoa; eskabidea itzultzaileak, argitaletxeak nahiz liburugintzaren, literaturaren edota itzulpengintzaren arloko bestelako eragileren batek egin ahal izango du eta posta elektronikoz bidali beharko da etxepare@etxepare.eus helbidera eskatutako dokumentazioarekin batera (ondoren liburuaren ale bat bidali beharko da Etxepareko egoitzara).