Estatuko lau kultur institutuek bi ekimen egingo dituzte Berlinen Hizkuntzen Europako Egunaren harira
2020/09/23
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak, Institut Ramon Llullek, Consello da Cultura Galegak eta Instituto Cervantesek lan-bilera presentziala egingo dute ostegunean azken erakunde honen Berlingo egoitzan. Horrekin batera, mahai-ingurua antolatu dute –Youtube bidez ikusi ahal izango da- Espainiako Estatuaren errealitate eleaniztunari eta Europako hizkuntza-aniztasunari buruz.
Hizkuntzen Europako Egunaren harira antolatutako bi ekimenek eleaniztasuna sustatzeko eta Europan ikusgai egiteko estrategia koordinatuak ezartzea eta lau erakundeen arteko lankidetza-proiektuetan aurrera egitea dute helburu.
Goizean (10:30ean), bilera egingo dute Luis Garcia Montero Instituto Cervanteseko zuzendariak, Maria Jose Galvez Espainiako Liburuaren zuzendari nagusiak, Rosario Alvarez Consello da Cultura Galegako zuzendariak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Silvia Gonzalez Institut Ramon Llulleko Alemaniako ordezkariak. Bilera horretan, epe motzera egingo dituzten ekintzak eta programak zehaztuko dituzte.
Arratsaldean (19:00etan), Berlingo Instituto Cervanteseko auditorioan Comunicación y diversidad. El futuro del multilingüismo en Europa (Komunikazioa eta aniztasuna. Eleaniztasunaren etorkizuna Europan) mahai-ingurua egingo da. Jendaurreko saioa zuzenean eskainiko da Instituto Cervantesen Youtubeko kanalean.
Ignacio Olmos zentroko zuzendariaren ongietorriaren ondoren, Luis García Monterok, gaztelaniaren ordezkari gisa; Jordi Amat filologo eta idazleak, katalanaren ordezkari gisa (bideokonferentzia bidez); Juan José Álvarez Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak, euskararen ordezkari gisa; eta Ramon Villares historialariak, galegoaren ordezkari gisa hartuko dute parte, baita María José Galvez, Espainiako Liburuaren zuzendari nagusiak ere.
Topaketa hauek hasiera batean Frankfurteko 2020ko Liburu Azokarako aurreikusitako programazioaren barruan kokatzen dira (2021ean atzeratu zen covid-19a dela eta), eta jarraipena ematen diote maiatzaren 26an Instituto Cervantes, Institut Ramon Llull, Consello da Cultura Galega eta Etxepare Euskal Institutuaren lau aldeko hitzarmenari.