Eskozian egonaldi artistikoa egiteko deialdiaren ebazpena argitaratuta

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-06-07

Bruno Delgado Ramo (Sevilla, 1991) artista hautatu dute HospitalfieldCCA Glasgow eta Tabakalera erakundeek  Etxepare Euskal Institutuarekin eta British Councilekin batera elkarlanean argitaratutako deialdian, Eskozian egonaldi artistikoa egiteko.

Bruno Delgado Ramok (Sevilla, 1991) baliabide zinematografikoen praktika esperimental, material eta espazialean oinarritutako ikerketa gisa planteatzen du bere diziplina anitzeko lana. Testuinguru horretan, garrantzitsuak dira  espezifikotasuna, prozedura eta espazioaren irakurketa, eta, horregatik, kokaleku eta testuinguru espezifikoetan egiten diren argi-prozesutzat ditu filmazioa eta proiekzioa. Praktika hori filmetan, ekintzetan, proposamen espazialetan eta argitalpenetan gauzatzen du.

Bere lana Rotterdamgo, Pesaroko eta Vila do Condeko jaialdien programetan egon da, baita Light Field, (S8) Mostra de cinema periférico, Nomadica, San Francisco Cinematheque, WIELS, FRACTO, BIAU XI,  Rose Bruford College of Theatre and Performance, INJUVE eta BilbaoArten ere. 2020. urtearen amaieran, zinemaren erro mekaniko, fotokimiko eta optikoa ardatz dituen ‘kino~okno’ izeneko ekimena sustatu zuen Sevillako Kulturaren eta Arteen Institutuko proiektuen bankuaren laguntzari esker. Azkenik, aipatzekoa da berriki Las Synergys kolektiboa sortu duela Paula Guerrerorekin batera; bertan, esperientzia zinematografikoaren eta zuzeneko musikalen elkarguneak aztertzen dituzte.

Cicely Farrer-ek (Hospitalfield), Sabrina Henry-k (CCA), Laida Mendiak eta Ane Agirrek (Tabakalera) osatutako hautaketa-batzordeak hautatu du Delgadoren proposamena. Batzordeak proiektua ondorengo irizpideren arabera ebaluatu dute: berrikuntza eta originaltasuna, proiektuaren kalitatea eta sormena, proiektuaren koherentzia, proiektuaren bideragarritasuna eta jarduera artistikorako kanalak sortzeko gaitasuna Eskoziako egonaldi-programaren testuinguruan.

Programa honen helburu nagusia prozesu artistikoetako arlo kontzeptualean eta ekoizpen-arloan laguntza eta asistentzia ematea da. Programa honen bitartez, artista, eragile eta proiektu desberdinak elkarrekin garatzeko espazio bat sortu nahi da, artista egoiliarren eta gonbidatuen artean lankidetzak sustatzeko. Deialdi honi esker, gainera, artista eskoziar batek egonaldia egiteko aukera izango du Tabakaleran.

Bruno Delgado zortzi astez izango da Eskozian. Egonaldiak espazioa, testuingurua eta denbora eskainiko dizkio artistari, bere proiektu artistiko bat gara dezan, 2023ko irailetik urrira. Egonaldiak bi zati izango ditu: iraila Hospitalfielden igaroko du Delgadok eta urria CCA Glasgow erakundean.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu