Eneko Bidegainek diasporak euskal herriari buruzko informazioa nola lortzen duen aztertuko du
Euskara. Kultura. Mundura.
Jon Bilbao Katedrak badu ikerlaria aurtengo ediziorako. Eneko Bidegain izan da hautatua. Beraz, hilabeteko egonaldia egingo du abuztu eta abendu artean, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) University of Nevada, Renoko Center For Basque Studies egoitzan.
Bidegainek ´Euskal Herri kontinentaleko jatorriko diasporako kideek AEBetan eta Euskal Herriari buruz bilatzen eta jarraitzen dituzten informazioak, paperezko gutun eta aldizkarietatik aro digitalera: euskal lurraldetasunaz duen ikuspegia´ izeneko ikerketa proiektua aurkeztu du, eta hainbat irizpideren arabera izan da hautatua; hala nola, euskal diasporaren gaiari egokitutako proposamena izatea, kalitatea eta interesa, genero ikuspegiaren txertaketa eta alde berritzaileak edukitzea.
Lan honekin Euskal Herrian jatorria duten eta diasporan bizi diren euskal herritarrek Euskal Herriari buruzko informazioa nola lortzen duten aztertuko du; batez ere, zein medio edo kanal erabiltzen dituzten eta historian zehar zein izan den hauen bilakaera, gutunetatik bideo-deiak egitera.
2014an sortua, Jon Bilbao Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dituen gainontzeko 8 katedretatik ezberdintzen da honako hau; ikerketarako, eta ez irakasgai bat emateko, egonaldia eskaintzen duen bakarra baita. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka eskaintzen du urtero edo bi urtero, Jon Bilbao Visiting Research Fellow izenekoa. Onuradunak University of Nevada, Renoko (UNR) CBS zentroan izango du egoitza, hori baita AEB mailan euskal diasporaren gaineko ikasketen irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia.