BASQUE. 1x02 | Eneko Atxa Michelin konstelazioan
Euskara. Kultura. Mundura.
BASQUE. podcastaren bigarren atala entzungai duzue dagoeneko, Eneko Atxa sukaldariarekin.
Haurtzaroko oroitzapen asko ditu Atxak sukaldearekin lotuta. Sukaldea etxeen bihotza zen garai batean; ikasteko eta istorioak entzuteko tokia. Hain zuzen ere, orduak eta orduak ematen zituen txikitan amaren eta amonaren kontuak entzuten, usain ederrez inguratuta.
Izan ere, gastronomiak berebiziko garrantzia du euskal kulturan: “Euskal Herrian guztia mahaiaren inguruan gertatzen da; zerbait ia espirituala da”. Hala uste du chef zornotzarrak, hiru Michelin izardun Azurmendi jatetxe ospetsuaren arduradunak. Larrabetzukoaz gain, baditu jatetxe gehiago ere: Bilbon, Madrilen, Sevillan eta baita Tokion ere.
Zein zapore eta kolore ditu Euskal Herriak? Nola lortu du Azurmendik horrenbesteko arrakasta? Eramangarria al zaio goi mailako jatetxe baten presioa? Urte asko igaro ditu Eneko Atxak pentsatzen zein ederra izango zen gailurrera iristea, eta behin helburua lortuta, aitortu du prozesuak asebete duela gehien. Orain, momentuaz gozatzearen alde dago.
BASQUE. podcasta
Euskal kultura eta sormena mundura zabaltzeko erakusleiho berria da Basque. podcasta. Atalez atal, inspirazio-iturri ditugun hainbat sortzaile eta pertsona ezagun izango ditu protagonista; zinemaren, gastronomiaren, hizkuntzaren eta artearen ordezkari nabarmenak, hain zuzen.
Nazioarteko entzuleari espreski zuzendutako podcast honek jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztutako bost atal ditu. Lehen denboraldiko elkarrizketak urritik abendura bitartean plazaratuko dira Podcast atalean, baita hainbat audio plataformatan ere: Spotify, iVoox, Apple Podcasts, Amazon Music eta Google Podcasts.