Emakume zinegileak Eskozian
2019/05/23
Euskara. Kultura. Mundura.
Amaitzear da #ScotlandGoesBasque programaren baitan, Cinemaattic-ekin lankidetzan Eskozian antolatutako Basque Spring euskal zinearen programazioa. Horren eskutik, maiatzaren 2an eta 4an Edinburgon eta Glasgown izan ziren Izibene Oñederra eta Begoña Vicario animazio sortzaileak euren ibilbidea aurkezten eta Ana Schulz, Mudar la piel bere filmarekin. Eskozian bizitakoaz galdegin diegu eta hona euren erantzunak.
Amaitzear da #ScotlandGoesBasque programaren baitan, Cinemaattic-ekin lankidetzan Eskozian antolatutako Basque Spring euskal zinearen programazioa. Horren eskutik, maiatzaren 2an eta 4an Edinburgon eta Glasgown izan ziren Izibene Oñederra eta Begoña Vicario animazio sortzaileak euren ibilbidea aurkezten eta Ana Schulz, Mudar la piel bere filmarekin. Eskozian bizitakoaz galdegin diegu eta hona euren erantzunak.
1. Zertan zetzan Cinemaattic-en Basque Spring programazioaren baitako zuen esku-hartzea?
Begoña Vicario: Batetik, autore animaziogintzaz aritu ginen. Egile nagusienak emakumeak gara munduan. Euskal Herrian, hain herri txikia izanda ere, oso lan nabarmenak daude; egun Izibene Oñederra, Isabel Herguera eta neu ari gara batez ere, baina etorkizunean ere etorriko dira egile gehiago. Gure lanak erakutsi eta Arte Ederren Fakultatean zer egiten dugun azaldu genien Arte Eskolako ikasleei. Bestetik, animazio lan kolaboratiboaz jardun genuen: eraginkorrago egiten gaituen lan eredu bat ondu dugu eta hori aurkeztu genuen.
Izibene Oñederra: Begok esaten duen saioa Edinburgoko Arte Eskolan izan zen eta, bide batez, eskolan animazioa egiteko dituzten baliabideak eta ikasleen lanak ikusteko aukera izan genuen. Glasgown ere izan ginen, arte gune batean, eta han ikusle mota ezberdin bati erakutsi genion gure lana; interes handia sumatu genuen geure lanarekiko eta baita filmen ondorengo galde-erantzunean ere.
Ana Schulz: Batetik, ondoren solasaldia izan zuen proiekzio bat izan zen Glasgown eta, bestetik, Scottish Documentary Instute zine dokumentalaren alorreko erakundean maisu eskola bat ematera gonbidatu ninduten.
2. Zein aurreikuspen zenuten Eskoziara joan aurretik? Bete al da?
B.V.: Erabat bete da guk aurreikusitakoa: ongi ezagutzen genuen gure entzuleen interesa nondik norakoa izango zen eta oso argi genuen zer azaldu. Bagenekien gure diskurtsoa ongi ulertuko zutela eta interesa piztuko zuela. Eta horrela gertatu zen.
I.O.: Ilusioz joan ginen gure lana aurkeztera; eta ni bereziki Bego Vicariorekin luze hitz egiteko aukera emango zidalako bidaiak. Geure proiektuetan lana egiteko erabili genuen elkarrekin geunden denbora, sarri eguneroko bizitzak ez baitigu lagatzen. Zentzu horretan, bidaia lagungarri izan zait esku artean dudana garatzeko eta indartuta bueltatu naiz.
A.S.: Jaialdi ugaritan izan gara eta gutxi gora-behera irudikatuta nuen zer nolako esperientzia izango zen. Baina ez nintzen inoiz Cinemaattic bezalako programazio finko eta ibiltari batean jardun eta oso ustekabe atsegina izan da niretzat. Uste dut ekarpen handia egiten diela komunitateari eta bertako zine aretoei.
3. Zein harrera izan du zuen lanak eskoziar ikasleen, profesionalen eta gainerkao ikusleen artean?
B.V.: Oso harrera ona egin ziguten. Interes handia piztu zuen guk aurkeztutakoak. Galderentzako hainbat leiho ireki genuen hitzaldian zehar eta galdera ugari eta oso interesagarriak egin zizkiguten, azalpen-piloa emateko aukera izan genuen. Oso topaketa aberatsa gertatu zen.
I.O: Gerturatutakoek bazituzten erreferentziak gure lana Euskal Herriko zinemagintzaren testuinguruan kokatzeko. Aurrez egina zegoen bidea, eta maitasunez jaso gintuzten.
A.S.: Bi topaketa izan ziren; lehena maisu eskola bat. Ikasleek aurrez pelikula ikusteko aukera izan zuten eta eredu zehatz batetik abiatuta hitz egin genuen. Harrera oso ona izan zen: pelikularen ardatza gai politiko zehatz bat den arren, beste herrialdeetara molda daitezkeen irakurketa unibertsal ugari dauzka eta ikasle zein irakasleekin izandako eztabaida oso aberatsa gertatu zen. Emanaldi komertzialean, publiko orokorrak ere galdera ugari egin zituen filmaren ostean.
4. Zer gertatu zaizue aberasgarrien zuen lana zine alorreko ikasle zein profesionalekin partekatu izatetik?
B.V.: Galderei erantzuteko ideiak birplanteatu beharra oso aberasgarria da. Bertaratutakoak gure lan esparrukoak ziren eta ondo zekiten zer galdetu. Bestalde, horrelako esperientziatatik berrindartuta atera ohi gara: herri, kultura moduan txikiak izanda ere, gure bidea egiten ari gara; baliabide urriekin lan ederra egiten dugu. Estreinakoz, Eskozian kronologikoki antolatu genituen Izibenek eta biok gaurdaino egindakoak eta oso polita izan zen gure lanak horrela ikustea; izan ere, gure bizitzak, eta Isabel Herguerarena, txirikordatuta daude: Izibene Isabel Hergueraren eta nire ikasle izan eta gero lankideak izan gara.
A.S.: Sortzen den eztabaida eta urruneko testuinguruetan ere gure lana ulergarria dela ikustea aberasgarria da. Ederra da publikoaren erantzuna jasotzea. Pelikula egiterakoan, urteak ematen dira bakarkako lanean, burbuila batean, eta ondoren atsegina da zure lana ulertu dela hautematea. Ikusleen bestelako irakurketek ere egundoko balioa dute. Bestalde, Eskozian Izibene eta Begorekin topo egitea aparta izan zen, asko ikasten baita beste sortzaileengandik, horiek oso bestelakoa den alorrean jardunda ere.
5. Zuen iritziz, zein da euskal zinemagintza, eta bereziki emakumeek egindako zinea, atzerrian eta eremu akademikoan erakusteko aukera izatearen balio nagusia?
B.V.: Gure lana erakusteko aukerarik izango ez bagenu, ez luke inork ezagutuko. Emakumeon animazio lana jaialditan aurkeztu ohi dugu, oso zirkuitu mugatuan. Ez da aukera asko izaten Eskozian bezala produktu borobil bat plazaratzeko eta izugarrizko aukera da egileontzat lana atzerrian partekatzea. Gure herriaren errealitate sozio-politikoarekin lotuak, gure ekoizpenak baliabide aproposak dira euskararen, bertsolaritzaren, politikaren, desagertuen eta abarren inguruan aritzeko. Gure kultura da, gure bizimodua, eta, besterik ez bada ere, horretaz jarduteko aukera ematen du gure lanak.
A.S.: Gaiak ematen dio euskal kutsua nire filmari. Oso garrantzizkoa da, sorkuntzatik abiatuta, ozenki gure iraganaren inguruan hausnarketa egitea, are gehiago gure erreferentziak ez dituzten eremuetan, gaian murgilduta egoteak eragindako aurreiritziak azaleratzeko modua baita; beharbizikoa da, ahots guztiak aintzat hartuz, kontakizuna eraikitzen jarraitzeko. Historialariek historia idaztearekin batera, ñabardura guztiak jasotzeko, oinarrizkoa da hain akademikoak ez diren zinea, literatura, poesia eta abar erabiltzea. Emakumeok egindako zineari helduta, egungo iraultza da orain arte kanonikoa izan dena aldatzea. Gurea gizonezko batek eta emakume batek zuzendutako filma den heinean, bi begiraden uztarketaren eredua litzateke.