Boise State University: Eloise Garmendia Katedra 2021
Euskara. Kultura. Mundura.

-
18Ots 202124Ots 2021
Boise
16:30
Eloise Garmendia Katedrak antolatuta, hiru hitzaldi egingo dituzte euskararen eta literaturaren inguruan Boise State Unibertsitatean. Hasteko, ostegun honetarako, hilak 18, itzulpengintzari buruzko ´English - Basque: Lost in Translation´ eskola antolatu du Clyde Moneyhun ingeleseko departamentuko irakasleak. Bertan hartuko du hitza, zoom bidez, Monika Madinabeitia Medrano irakasleak. Boiseko 16:30ean egingo dute hizketaldia, hau da, gaueko 12:30ean, Europa erdialdeko ordutegian. Euskararen ezaugarrien inguruan arituko dira eta horiek ingeleserako itzulpena zein neurritan erraztu edo zailtzen duten aztertuko dute, besteak beste.
Hurrengo astean, berriz, otsailaren 22an eta 24an, Ziortza Gandarias irakurlearen ´Basque Literature´ eskoletan bi saio emango ditu Madinabeitiak. Biak burutuko dira Boiseko 13:30etik 14:45era bitarteko ordu tartean.
Monika Madinabeitia Medrano da aurtengo Eloise Garmendia Katedrako irakasle gonbidatua. 2015eko uztailean abiatu zen Eloise Garmendia Bieter Katedra Boisen. Urtero irakasle ezberdina gonbidatzen duen katedra honek, euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko asmoa du, AEBetan euskal diasporarik indartsuena duen hirian. Katedrak Boiseko alkate izandako David H. Bieterren amaren izena darama. Euskal lurraldetik kanpo euskara jakin duen alkate bakarra da.