Elena Odriozolak irabazi du Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-10-18

Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak irabazi du Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia: Grand Prixa. ´Sentimientos encontrados´ (Gustavo Puerta Leisse, Ediciones Modernas El Embudo, 2019) libururako egindako ilustrazioengatik izan da saritua Odriozola. Euskal ilustratzaile batek sari hau eskuratzen duen lehen aldia da.

Sari Nagusia mundu mailan haur liburu ilustratuei ematen zaien sari ospetsuenetariko eta zaharrenetarikoa da eta Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren baitan ematen da bi urtez behin. Bratislavako Biurtekoa haurrentzako eta gazteentzako liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa entzutetsua da eta Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, Unescoren Eslovakiako Batzordeak eta Haurrentzako Nazioarteko Arte Etxeak antolatzen dute.

Biurtekoak nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen ditu bi urtez behin. Nazioarteko adituek osatutako epaimahai batek erabakitzen ditu Haur eta gazte liburuen ilustrazioen Bratislavako Biurtekoan saridunak zein izango diren. Aurten, epaimahai hori honakoek osatu dute: Brenda Dales (AEB); Victoria Fomina (Errusia); Renáta Fučíková (Txekiar Errepublika); Orna Granot, (Israel); Manuela Vladić Maštruko (Kroazia);Ľuboslav Paľo (Eslovakia); Emese Révész, (Hungaria); Javier Zabala, (Espainia); Mingzhou Zhang, (Txina, IBBYko presidentea).

´Sentimientos encontrados´ / ´Etxean barrena´

Ediciones Modernas El Embudo argitaletxe sortu berriaren lehendabiziko alea izan zen Gustavo Puerta Leisse eta Elena Odriozolak elkarlanean sorturiko ´Sentimientos encontrados´ (2019). Kaleratu eta berehala Juan Kruz Igerabideren itzulpenari esker ´Etxean barrena´ izenburuarekin euskaraz Denonartean-ek argitaratua. Hamar urte pasatu zituzten bi egileek liburu hau ontzen. Bertan, liburuan agertzen diren zazpi pertsonaiekin jolasten duen bitartean, irakurlea zer sentitzen ari den pentsatzera eramango duen hausnarketa ilustratu bat egiten dute egileek. Horretarako, testu filosofiko klasikoak hartzen dituzte oinarri eta irudi bidez familia baten eguneroko gertaerak kontatzen dira.

Bratislavako Biurtekoaren epaimahaiko kideek liburu honen izaera esperimentala nabarmendu dute, irakurketa mota ezberdinak baimentzen dituena. Hari narratibo anitzak sortzeko ilustrazioaren erabilera ere azpimarratu dute. Bere orrialdeetan haur baten jaiotza eta amona baten heriotza ikusten ditugu, baita egunerokoak diren irudiak eta ñabardurak ere. Orrialdea osatzen duen bineta bakoitzak bere sentimendu eta hausnarketak ilustrazioan proiektatzeko aukera ematen dio irakurleari.

Liburuak beste aipamen batzuk ere jaso ditu jada, hala nola: Municheko Nazioarteko Liburutegiak argitaratzen duen White Ravens katalogoan aipatua izan zen 2020an eta Banco del Libro erakundeak (Venezuelako IBBY) egin zuen 2020ko Liburu Onenetan Kontzeptu Berritzailea aipamena eskaini zion.

Sariz sari

Elena Odriozola 1967an jaio zen Donostian. 100 liburu baino gehiago ilustratu ditu eta sari eta aipamen ugari jaso ditu azken urteetan: bitan jaso du Euskadi Saria (2009, 2013), Estatu espainiarreko Ilustrazio Sari Nazionala 2015ean eskuratu zuen eta, urte berean, Bratislavako Biurtekoan Urrezko Sagarra irabazi zuen. Andersen Sarietarako eta Astrid Lindren Sarirako Espainiako hautagai ere izan da behin baino gehiagotan. 2019an, Ediciones Modernas El Embudo argitaletxea abiatu zuen Gustavo Puerta eta Marta Ansónekin batera, bere lan ludiko eta pertsonalenak aurrera ateratzeko.

Euskal ordezkaritza Bratislavan

Guztira, Bratislavako Ilustrazio Biurtekoan honako sariak banatzen dira bi urtez behin : GRAND PRIXa (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa). Azken urteetan Euskal ordezkaritza zabala izan du Euskal ilustraziogintzak Biurteko entzutetsu honetan. Ordezkaritzaz gain, azken edizioetan sarituak ere izan dira euskal ilustratzaileak.

Odriozolak berak Urrezko Sagarra jaso zuen 2015eko Biurtekoan, Mary Shelleyren Frankenstein libururako sortutako lanagatik (Nordika Libros, 2013). Asun Balzolak 1985ean jaso zuen Sagarra Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako ´Txitoen istorioa´ (Erein, 1998) liburuarekin. 2013an Iraia Okinak Bratislavako Biurtekoko Plaka eskuratu zuen ´Ilargia esnatu da´ (Elkar, 2012) liburuarekin. 2011ko edizioan berriz, plaka horietako bat Iban Barrenetxeak eskuratu zuen, ´Bombástica Naturalis´ (A buen Buen Paso, 2012) liburuarengatik.

OEPLI Espainiako Haur Liburuaren Erakundeak IBBYren (International Board on Books for Young People) Espainiako atala denez, Bratislavako Ilustrazio Biurtekora 15 ilustratzaileren lanak aurkezteko aukera du bi urtez behin. Galtzagorri Elkartea OEPLIren sailen artean dago eta aukeraketan euskal ilustratzaileen parte-hartzea bermatzen du, Etxepare Euskal Institutuarekin duen hitzarmenaren babesarekin. Estatuko 66 ilustratzailek aurkeztu dute beren hautagaitza aurtengo Biurtekora eta 15 izan dira aukeratuak, tartean Sari Nagusia irabazi duen Elena Odriozolarekin batera, beste hiru euskal ilustratzaile, berriki argitaratutako lanekin:

Iban Barrenetxea: ´Autografía´ (Nórdica).

Maite Gurrutxaga: ´Leo sabanako errege´ / ´Leo the King of Savannah´ (Elkar).

Leire Salaberria: ´Heidi´ (Ediciones del Castillo)

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu