Elena Odriozola 2022ko Andersen sarietarako hautagai izendatu dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-12-16

IBBYk –nazioarteko gazte-liburuetarako irabazi asmorik gabeko erakundea– jakitera eman ditu 2022ko Hans Christian Andersen Awards sarietarako hautagaiak. 62 dira, 33 herrialdetakoak. Horien artean, Elena Odriozola euskal ilustratzailea dago. Proposamena OEPLIk – Haur eta Gazte Liburuetarako Espainiako Erakundea – egin du Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Odriozolarekin batera, Jordi Sierra i Fabra idazle katalana dago 2022ko sarietarako hautagaien artean.

Andersen saria haur- eta gazte-literaturaren alorrean ematen den sari garrantzitsuena da. Ez da lehenengo aldia Odriozola hautagaien artean dagoela. Aurten, esate baterako, hautagaia izateaz gain finalisten artean ere sartu zen euskal ilustratzailea. Izan ere, IBBYk lehenengo hautagaien zerrenda aurkezten du eta ondoren galbahea pasa, eta finalisten zerrenda iragartzen du. Hurrengo Andersen sariak 2022an emango dira. Finalisten zerrenda 2022ko urtarrilean iragarriko dute eta urte bereko martxo-apirilean, Boloniako Ferian, irabazleen izenak jakitera emango dituzte.

Beste behin ere, Galtzagorri Elkarteak Andersen sarietara aurkeztu du Elena Odriozolaren hautagaitza, besteak beste haren lanak haur- eta gazte-literaturari egindako ekarpena ezinbestekotzat jotzen duelako.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu