Elbira Zipitria katedra: Idoia Fernandez, Miren Azkarate eta Pablo Suberbiola

Euskara. Kultura. Mundura.

Elbira Zipitria katedra: Idoia Fernandez, Miren Azkarate eta Pablo Suberbiola
  • 09
    Ira 2022
    Montreal

Elbira Zipitria katedraren irekiera ekitaldia irailaren 9an egingo da, Montrealgo McGill Unibertsitatean. Euskarazko irakaskuntzaren aitzindari eta sustatzaile izan zen Elbira Zipitria pedagogo, ikastolen sortzaile eta andereño berritzailearen izena daraman katedra berriak euskal kultura eta kultur berrikuntza izango ditu ardatz, eta horren ingurukoa izango da, baita ere, jardunaldia. Online edo bertatik bertara parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da izen-ematea.

Irailaren 9an egingo den irekiera ekitaldia egun osoko egitaraua izango da, fokua hizkuntzan izango duena, bai euskal ikuspegitik, bai quebectar ikuspegitik. Hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola izango du hizpide, eta hiru ataletan banatuko da. Hizkuntzaren irakaskuntza, hizkuntza plangintza eta hizkuntzaren erabilera. Quebeceko adituez gain, Euskal Herritik joandako hiru hizlarik hartuko dute parte: Idoia Fernandezek (UPV/EHU) Elbira Zipitriaren ekarpenaz hitz egingo du; Miren Azkaratek (UPV/EHU) euskararen hizkuntza politikaren erronkak izango ditu hizpide eta Paulo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra) Euskaraldiaren ekarpenen inguruan mintzatuko da.

Roy Lyster (McGill), Richard Bourhis (UQAM), Marie-Cécile Guillot (UQAM) eta Philippe Gagné (Cégep Vanier) quebectarrak izango dituzte solaskide. Izan ere, helburu nagusia da euskal eta quebectar errealitatean adituak diren hizlari gakoak solasean jartzea, eta ondoren beste esparru batzuetako (akademikoak ezezik hizkuntzari lotutako elkarteetakoak, errealitate sozioekonomikoari lotutako eragileak, etab.) gonbidatuekin eztabaida garatzea, bi errealitate soziolinguistikoetako erronken inguruan.

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec - Pays Basque kultur trukerako  egitasmoak programa zabala eskainiko du bere azken txanpan, 2022ko udazkenean. Bi urteko ibilbidea itxiko dute diziplina anitzeko sortzaile eta jarduerek horrela; horietako bat da  unibertsitate katedra berri honen irekiera.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu