Ekintzaz betetako udazkena Etxepare Euskal Institutuan

2019/09/24

Euskara. Kultura. Mundura.

Ikasturtea intentsitate handiz hasi du Etxepare Euskal Institutuak. Euskara eta euskal kultura nazioartean zabaltzeko eta merkaturatzeko dituen sareak erabiliz, nazioarteko azoka eta jaialdietan izango da Institutua udazken honetan, bere lana munduan zehar erakusteko asmoz; baita foro horietara kultur arlo ezberdinetako hamaika euskal artista, enpresa eta proposamen joan daitezen bideak eskaini ere. Horrez gain, Institutuak nazioarteko hainbat unibertsitaterekin elkarlanean sustatutako hainbat ekimen berriz ere jarriko dira martxan ikasturte berriari begira.

Ikasturtea intentsitate handiz hasi du Etxepare Euskal Institutuak. Euskara eta euskal kultura nazioartean zabaltzeko eta merkaturatzeko dituen sareak erabiliz, nazioarteko azoka eta jaialdietan izango da Institutua udazken honetan, bere lana munduan zehar erakusteko asmoz; baita foro horietara kultur arlo ezberdinetako hamaika euskal artista, enpresa eta proposamen joan daitezen bideak eskaini ere. Horrez gain, Institutuak nazioarteko hainbat unibertsitaterekin elkarlanean sustatutako hainbat ekimen berriz ere jarriko dira martxan ikasturte berriari begira.

Euskal arte disziplinak, nazioarteko hamaika ekimenetan

Literaturari dagokionez, nazioarteko puntako jaialdi eta azoketan izan eta izango dira euskal idazleak. Irailaren 5etik 8ra bitartean egin zen Hay Festival Queretaro jaialdian Leire Bilbao idazlea izan zen, eta bi ekintzatan hartu zuen parte. Irailaren 13-15 bitartean Bruselako Fête de la BD komiki azokan, ostera, Asisko Urmeneta marrazkilaria izan da tailer batzuk eskaintzen. Etorkizunera begira, alde batetik, EUNICek Bruselan antolatzen duen Transpoesie jaialdian Luis Garde poeta izango da, irailaren 26an. Halaber, Poloniako Wroclaw Short Story Festival narrazio motzen jaialdian, Ana Malagón idazleak hartuko du parte urri hasieran. Amerikara salto eginez, batetik, Anjel Lertxundi idazlea izango da Miami Book Fair azoka entzutetsuan eta, bestetik, Eider Rodriguez idazle eta itzultzailea, Mexikoko FIL Guadalajara azokan. Amaitzeko, Institutuak Eskozian urtean zehar antolatu duen Scotland Goes Basque proiektu kulturalaren baitan, urriaren 17an, Europa Transit egitasmoaren Pafos – Mugaminak dokumentala eskaini eta bertan agertzen den Amets Arzallus bertsolaria gonbidatu dute bertso-saioa eskaintzera.

Euskal zinema eta ikus-entzunezkoak ere protagonista izango dira nazioarteko hainbat forotan. Irailean zehar, Uruguaiko Zinematekan euskal zinema ziklo bat izan da; eta Txileko Viña del Mar hiriko Zinema Jaialdian Fermin Muguruzaren Black is Beltza filma eskaini dute. Ostera, iraila bukaeran euskal zinemak Londresera egingo du bisita; London Spanish Film Festival jaialdian, azken urteetan bezala, Euskal Leihoa izeneko sail bat antolatuko baita. Urrian, bestalde, telebistaren eta eduki digitalen txanda izango da Cannesko MIPCOM azokan. Azkenik, azaroan zehar, Dantza filmak bira egingo du Argentinako Euskal Etxeetatik, Telmo Esnal eta Gari Otamendiren bisitarekin; New Yorken beste euskal zinema ziklo bat antolatuko da;  eta, azaro amaieran, Mexiko Hiriko Animasivo jaialdian, Muguruzaren Black is Beltza eman eta Begoña Vicario animazio-filmen egilea gonbidatuko dute tailer bat ematera.

Euskal musikak ere oihartzuna izango du munduko bazter ezberdinetan. Batetik, jada igarotako Japoniako Kanazawa Jazz Street jaialdian, Laboa Jazz izeneko emanaldia eskaini zuen Iñaki Salvador musikariak bere jazz bandarekin irailaren 14 eta 16an; eta Kataluniako Vic herrian egiten den Mercat de Música Viva de Vic azokan, halaber, Lumi taldea izan zen emanaldia eskaintzeko hautatua. Egunotan, Bartzelonako EH Sona jaialdia ari da gertatzen: irailaren 21an hasi zen Egurra eta Kitto taldearekin, eta bi hilabete luzez euskal talde ezberdinek kataluniar hiriburuko aretoak beteko dituzte. Ostera, urri amaieran, Womex folk musika jaialdia egingo da Finlandiako Tampere hirian, eta bertara Korrontzi taldea joango da; eta, azaroan Sevillan egingo den Monkey Week jaialdian, Amorante euskal musikaria izango da. Azkenik, Scotland Goes Basque egitasmoaren baitan egingo den Europa Transit zikloaren parte gisa, Mursego artista gonbidatuko dute urriaren 20an Glasgow hirira; Sarajevo – Erresilientzia Soinuak izeneko dokumentalean agertzen dela aprobetxatuz, musika-emanaldia eskaintzera.

Amaitzeko, arte eszenikoen eta performatiboen alorretan, gertakari batzuk aipatzekoak dira. Batetik, urtero irailean egiten den Fira Tàrrega azokan, Hortzmuga eta LaRutan konpainiak eta Itsaso Iribarren eta German de la Riva artistak izan ziren euren emanaldiak eskaintzen. Arte performatiboen alorrean, azkenik, Scotland Goes Basque egitasmoaren barruan udazkenean egingo den Europa Transit ziklora, Plovdiv – Kaleko Dantzariak dokumentalean agertzen den Sra Polaroiska bikotea gonbidatu dute urriaren 11 eta 12an, eta dokumentala aurkeztu ez ezik, Lur Away izeneko performancea eskainiko dute.

Euskararen eta euskal kulturaren sustapena unibertsitateetan

Batetik, Institutuak munduan zehar kudeatzen dituen unibertsitateetako 35 irakurletzak martxan jarri dira beste ikasturte batez. Irakurleek, kasu gehienetan, euskara eta euskal kultur eskolak eskaintzeaz gain, hainbat kultur ekintza antolatzen dituzte ikasturtean zehar, ikasleek euskal kultura bertatik bertara bizi dezaten; eta horietatik batzuk jada hasi dira udazkeneko ekintza horiek prestatzen.

Atzerriko zentroetan irakurle izateko asmoa duten horientzat zuzendutako ikastaro bat antolatzen du baita ere Institutuak, UPV/EHUrekin elkarlanean: Atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa. Udazkenero egin ohi da eta, aurtengoak, Gasteizen egingo denak, jada zabalik du izena emateko epea, urriaren 1a bitarte.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuak zortzi katedra ditu abian nazioarteko izen handiko unibertsitateetan. Horietako hiruk, udazkenean zehar jorratuko dituzte euren egitarauak: New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedrak, Massachusetts-Amherst Unibertsitateko William Douglas Katedrak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Katedrak, hain zuzen. Aurten, gainera, bederatzigarren katedra bat martxan jarriko du Etxepare Euskal Institutuak, Argentinako CONICET (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) erakundearekin duen hitzarmenari esker. Katedra horren izena Amale Artetxe izango da, eta urriaren 31n egingo da inaugurazioa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu