Eider Rodriguez eta Lander Garro Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren irabazleak izan dira
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren seigarren edizioko lan saritua, Eider Rodriguezek idatzitako Bihotz Handiegia ipuin bildumaren gaztelerarako itzulpena izan da: Un corazón demasiado grande. Rodriguez bera eta Lander Garro itzultzaileak suertatu dira garaile Bartzelonako Random House argitaletxearekin batera, Penguin Random House Grupo Editorial taldearen parte dena.
Sari-banaketa Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean eman da. Bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak.
Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Sariaren seigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna LABORAL Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Koldo Biguri, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea (Euskarazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea); Elizabete Manterola, UPV/EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Kizkitza Galartza, Etxepare Euskal Institutuko Literatura Teknikaria, eta Lide Hernando, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio teknikaria (Mikel Lasa komunikazio arduradunaren ordezkari gisa).
4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.