Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdian aurkeztuko dira Koldo Almandozen ´Oreina´ eta Iban del Camporen ´Espedizio handia´

2019/06/19

Euskara. Kultura. Mundura.

- Oreina ekainaren 24an eta 26an izango da ikusgai eta Espedizio handia film laburra, aldiz, ekainaren 26an; bi kasuetan zuzendariek eurek aurkeztuko dituzte filmak. 

- Euskal zine industriak ere bere tokia izango du Edinburgon, hainbat profesional bertara joango baitira euren lana bertan aurkeztu eta beste profesionalekin esperientziak partekatzera.

- Oreina ekainaren 24an eta 26an izango da ikusgai eta Espedizio handia film laburra, aldiz, ekainaren 26an; bi kasuetan zuzendariek eurek aurkeztuko dituzte filmak. 

- Euskal zine industriak ere bere tokia izango du Edinburgon, hainbat profesional bertara joango baitira euren lana bertan aurkeztu eta beste profesionalekin esperientziak partekatzera.

Gaur bertan abiatuko den Edinburgh International Film Festival (EIFF) jaialdian euskal zineak toki berezia izango du, Etxepare Euskal Institutuaren #ScotlandGoesBasque programaren eskutik. Eskozian euskal zinearen udaberria izan den honetan, apiriletik maiatzera bitartean euskal zinemagintzaren berrogei urteren atzera begirakoa aurkeztu zuen CinemaAttic erakundeak Glasgown, Edinburgon eta Erresuma Batuko beste zenbait hiritan egindako askotariko jardueren bidez (zine emanaldiak, solasaldiak, zinea eta gastronomia uztartzen zituzten topaketak eta abar). Orain, berriz, Eskozian Euskal Herriko zinegileei eskainitako programazio horrek bere lekua izango du nazioartean egiten den zine jaialdi zaharrenean, kasu honetan euskarazko zine berrienari bide eginez.

Oreina eta Espedizio handia, lehenengo aldiz Edinburgon ikusgai

EIFFren Focus on Spain ildoan, Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak Oreina (2018), aurkeztuko du Edinburgon ekainaren 24an eta 26an, Eskozian estreinaldia izango da (informazio gehiago: https://www.edfilmfest.org.uk/2019/deer-oreina/06-24_20-50) Eta, bestetik, 2018ko Kimuak euskal film laburren bildumako piezatako bat, Iban del Campo zinegile arrasatearraren Espedizio handia (2018) zientzia-fikziozko pelikula Eskoziako hiriburuan ikusgai izango da ekainaren 26an, Erresuma Batuan lehenbiziko aldiz; filma hori Focus on Spain ildoaren baitan film laburrei eskainitako Spotlight on Contemporary Spanish Short Films emanaldian aurkeztuko diren piezatako bat izango da (informazio gehiago: https://www.edfilmfest.org.uk/2019/great-expedition-espedizio-handia).

Oreina da Koldo Almandozen (Donostia, 1973) zinegilearen bigarren luzemetraia. Txintxua Filmsen ekoizpena den horretan protagonista dira Patxi Bisquert (Jose Ramon) eta Laulad Ahmed Saleh (Khalil); Javier Agirre du argazki zuzendari eta Laurent Dufreche, berriz, muntaiaren egilea; musika Elena Setiének eta Ignacio Bilbaok idatzia da. Koldo Almandozek berak idatzitako gidoian oinarrituta, filma gizakien eta espazio geografikoen mugez mintzo da, Khalil eta Jose Ramonen arteko harremana abiapuntu duela. Pelikulak Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen 2018ko Donostia Zinemaldian.

Espedizio handia Iban del Campo (Arrasate, 1971) zinegileak Antonio del Camporekin batera idatzi eta Limbus Filmak-ekin elkarlanean ekoitzitako pelikula laburra da. Filmaren argazki zuzendari da Edward O. L’Estrange, editoreak Iban del Campo eta Benito Macías eta, soinuaren arduraduna Adrian Chom. L’Estrange familiako kideak antzezle  dituen zientzia-fikziozko pieza horrek artxiboko materiala eta familiarteko Super 8 bideoak batzen ditu, planeten arteko bidaien zirrara islatu asmoz. Sinopsiak zera dio: “Gizakiak, berez dena baino gehiago izan nahi du, izarren hautsa baino zerbait gehiago”.

Koldo Almandozek eta Iban del Campok Edinburgora bidaia egingo dute euren filmen aurkezpenean esku hartzeko.

Euskal zine industriako profesionalak EIFFen

Gainera kultur eragileen artean zubiak eraikitzea helburu duen #ScotlandGoesBasque programak euskal zine industriari so eginda, Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdiak industriari zabaldutako atalean hainbat topaketa eta bilera bideratu ditu Etxepare Euskal Institutuak. Zineuskadirekin elkarlanean, joan-etorriko misio bat egingo da: orain euskal zine industriako zazpi profesional izango dira Edinburgon EIFFen bat egiten duen merkatua ezagutu, euren lana aurkeztu eta beste profesionalekin esperientziak partekatzeko. Profesional horiek dira: Jara Ayucar (Zineuskadi), Marian Fernández (Txintxua Films), Alex García de Bikuña (Marmoka Films), Miren Aperribay (Atera Films) eta Koldo Almandoz zein Iban del Campo zuzendariak. Ondoren, irailean, Donostia Zinemaldian Glocal meets Scotland koprodukzio topaketa egingo da: zenbait eskoziar ekoizle gonbidatuko dituzte Zinemaldian dauden glocal herrialdeetako, hau da, hegemonikoak ez diren europar hizkuntzetan film luzeak ekoizten dituzten profesionalekin elkartu eta edukiak nahiz ezagutza, baliabideak,... partekatzeko.

EIFF jaialdia, 1947. urtetik gaurdaino etengabean diharduen nazioarteko zine jaialdi antzinakoena

1947. urtean Edinburgoko Nazioarteko Jaialdia loratzearekin batera sortu zen Edinburgh International Film Festival (EIFF) delakoak etengabeko ibilbidea egina du ordutik hona.  Mundu mailako sona duen topaketa horrek zinearen inguruko hausnarketa eta aniztasuna sustatzea ditu helburu. Filmak ikusteak, egiteak eta ulertzeak bizitza eraldatzeko duen gaitasunean sinetsita, EIFFren antolatzaileek zinearen inguruko ideia berriak aztertu eta programazio anitzak osatzen dituzte bertako eta nazioarteko ikusleentzat eta arreta berezia jartzen dute talentu berriengan, horien garapenerako ekimenak eta formakuntza programak sustatuz. Halaber, plataforma garrantzizkoa da Eskoziako, Erresuma Batuko zein nazioarteko zine-komunitateen elkarlanerako.

Euskal zinea Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdian

Oreina
Koldo Almandoz,
zuzendaria
(estreinaldia Eskozian)

Focus on Spain ildoa

Emanaldiak:

  • Ekainak 24 astelehena, 20:50etan. Odeon Cinema 4 (Edinburgo)
  • Ekainak 26 asteazkena, 18:05etan. Vue Omni Centre Screen 11 (Edinburgo)

Espedizio handia

Iban del Campo, zuzendaria

(estreinaldia Erresuma Batuan)

Focus on Spain ildoaren baitan, Spotlight on Contemporary Spanish Short Films emanaldia

Emanaldia: ekainak 26 asteazkena, 18:05etan. Filmhouse 2 (Edinburgo)

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu