École de Danse Contemporaine de Montréal: Xian Martínez

Euskara. Kultura. Mundura.

École de Danse Contemporaine de Montréal: Xian Martínez
  • 11
    Urt 2022
    11
    Mar 2022
    Montreal

Xian Martínez dantzari eta koreografoak bi hilabeteko sorkuntza-egonaldia egingo du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan (EDCM, frantsesezko siglatan), bertan goi mailako dantza-ikasketak amaitzen ari diren 23 dantzarirekin elkarlanean.

Martínezek ‘Yellow Lemon’ proiektua garatuko du, eta egindako lanaren emaitza maiatzean aurkeztuko da Montrealen. Bere hitzetan, ‘Yellow Lemon’ pieza “hondartzetan gertatzen da, lehen eta hirugarren munduko hondartzetan… Hori kolorearen bidez joango naiz lotzen bataren eta bestearen artean dauden aldeak, bateko pilota edota toallek topo egingo dute besteko salbamendurako txaleko eta itsasontzien horiarekin”.

Galiziarra sortzez, Martínezek hainbat urte daramatza Euskal Herrian errotuta. Dantzazen bidez iritsi zen, eta gaur egun zenbait proiektu ditu martxan sortzaile gisa, hala nola ‘Pioneras’, berdintasunaren aldeko borrokan aitzindari izan ziren emakumeak omentzen dituen lana eta ‘Non zira’, gizaki izateaz hitz egiten duen sorkuntza. 

Egitasmoa Quebec-eko eta Euskadiko hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Egonaldia burutzeko deialdia  Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Conseil des Arts et des Lettres-ek (CALQ) egin dute, Gipuzkoako Dantzagunearekin batera. Horrez gain, Dantzaz, Tabakalera eta Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolak (EDCM) hartzen dute parte.

Egonaldia Saison Québec-Pays Basque 2020-2021 bi norabideko proiektuaren barruan egingo da. Hala, Bettina Szabo quebectarra bi hilabetez ariko da lanean Euskal Herrian Dantzazeko dantzariekin: urtarrilaren 17tik 30era Tabakaleran eta urtarrilaren 31tik otsailaren 25era Gipuzkoako Dantzagunean. Egonaldiaren emaitza Errenteriako Niessenen aretoan eta Tabakaleran aurkeztuko da martxoan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu