2024ko Etxepare LABORAL Kutxa Itzulpen Sarira proposamenak bidaltzeko epea ireki dute
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak urtero antolatzen duten itzulpen sarira proposamenak bidaltzeko epea irekita dago. Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta 2023an argitaratutako literatura obra baten itzulpen lana sarituko da. Horrela, euskarazko literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea euskararen eremutik kanpo sustatu nahi dituzte bi erakundeek, elkarlanean. Maiatzaren 6tik 31ra bitartean egongo da deialdia irekita (oinarriak).
Itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartuko dira erabakia hartzerakoan. Saria 4.000 eurokoa izango da; zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak jasoko dute, erdibana. Sariaz gain, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute saridunek sari banaketara bertaratu ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak, publizitate kanpainak, medioetako elkarrizketak…).
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2023. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.
Iaz, Amaia Gabantxok euskaratik (‘Hezurren erretura’) ingelesera itzulitako Miren Agur Meaberen ‘Hezurraren erretura’ lanak jaso zuen saria. Parthian Books argitaletxeak plazaratu zuen itzulpena, ‘Burning Bones’ izenburupean. Amaia Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpen lana, eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literaturarekiko interesa saritu zuen epaimahaiak.
Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.