Carnegie Internationaleko komisarioek euskal artearen sistema ezagutu dute Etxepare Euskal Institutuari esker
2025/03/17
Euskara. Kultura. Mundura.

Ryan Inouye eta Liz Park, Carnegie International arte garaikidearen nazioarteko erakusketaren komisarioak, Euskal Herrian izan dira bertako proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak lehen eskutik ezagutzeko.
Nazioartean prestigio eta oihartzun handia duen erakusketa da Carnegie International; izan ere Ipar Amerikako nazioarteko arte-mostrarik zaharrena baita. Lau urtez behin antolatzen du Pittsburgheko Carnegie Museum of Art-ek, eta 59. Edizioa 2026ko maiatzean hasiko da.
Hiru egunetan zehar Inouye eta Parkek Bilbon, Donostian eta Gasteizen museo, estudio eta arte espazioak bisitatu dituzte euskal testuingurua bertatik bertara ezagutzeko. Besteak beste, Guggenheim museoa, Tabakalera, Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Atoi, Bulegoa z/b eta Azala espazioko arduradunekin batzartu dira, eta bere interes artistikoekin bat egiten duten euskal artistekin elkartu dira haien obra ezagutzeko.
Carnegie International
Carnegie International mundu mailan ospe eta oihartzun handia duen erakusketa da, Ipar Amerikako nazioarteko arte-mostrarik zaharrena izateagatik. Lau urtez behin antolatzen du Pittsburgheko Carnegie Museum of Art-ek, eta bere 59. edizioa –2026ko maiatzaren 2tik 2027ko urtarrilaren 3ra– orain arteko lankidetza eta irismen handienekoa izatea espero da.
Mundu osoko artistek eta kolaboratzaileek parte hartuko dute Carnegie International erakusketan eta, hain zuzen ere, nazioarteko mostra hori osatzeko eta bertan ikusgai izango diren artistak hautatzeko ardura dute Ryan Inouye eta Liz Park komisarioek.
Ryan Inouye, nazioarteko arte- komisarioa da 2023az geroztik Pittsburgheko Carnegie Museum of Art museoan; Pittsburghen lan egin aurretik, Inouye komisario nagusi izan zen Arabiar Emirerri Batuetako Sharjah Art Foundation-en. Bertan, banakako eta taldekako erakusketak antolatu zituen, besteak beste.
Liz Park, arte garaikideko kontserbatzailea da Richard Armstrong Pittsburgheko Carnegie Museum of Art museoan. Gaur egun museoko bilduma berrinstalatzen dihardu bertan. Duela gutxi, erakusketa-komisarioa izan da Buffaloko Unibertsitateko Arte Galerietan (AEB) eta komisario elkartua 2018ko Carnegie Internationalen.
ZABAL programa
Etxepare Euskal Institutuak 2019. urtean jarri zuen martxan ZABAL programa euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak sustatu eta nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatzeko helburuz. Horretarako, Institutuak nazioarteko komisarioak, arte kritikariak edo eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu euskal testuinguru artistikoa ezagutzera, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko.
Azken urteotan euskal artearen testuingurua ezagutzeko aukera izan dute nazioarteko ekimen garrantzitsuenetako batzuen komisarioek: São Pauloko biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoek (2020), Shanghaiko Biurtekokoak (2021 eta 2023), Veneziako Biurtekokoak (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).
Ekimenak hainbat emaitza nabarmen utzi ditu, hala nola, argitaletxearen eta Consonni kultur gune independentearen parte-hartzea Documenta Fifteen (2022) lanean edota June Crespo Veneziako Bienalean (2022). Aipatzekoa da, halaber, Kutxa Fundazioaren bildumako ‘Katalina Erauso, Monja Alferezen erretratua’ 2023ko São Pauloko Bienalera joan zela, eta Jorge Oteizaren eta Itziar Barrioren lanak Shanghaiko 14.Bienal erakusketan izan zirela ikusgai. Gainera, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen lanak Sydneyko Bienalean (2024) ere ikusi ahal izan ziren.