Bueltan dira MIN sariak… telebista formatuan!
2020/10/06
Euskara. Kultura. Mundura.
Martxoan, pandemiaren ateetan, bertan behera geratu zen Espainiako Musika Independentearen sari banaketa bueltan izango da urriaren 16an. Kasu honetan, telebista erabiliko da euskarri gisa ikuskizuna eskaintzeko; Movistar+ kanalean emango baita, Leonor Watling aktore eta abeslaria aurkezle. Gogora dezagun zein zen pandemiaren aurretik zegoen egoera, finalistei dagokionez.
Urtero bezala, Etxepare Euskal Institutuak euskarazko album onena sarituko du 2020ko MIN sarien ekitaldian. Honakoak dira aurtengo euskal talde izendatuak: Doctor Deseo, Maite Larburu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Zea Mays eta Zetak. Sariketak beste 18 kategoria ditu, tartean Artistarik Onenaren AIE saria, Zuzeneko Onenaren Eventbrite Saria, edota Album Onenaren The Orchard saria. Hemen ikus dezakezu gainontzeko kategorietako izendatuak zeintzuk diren.
Telebistan eskainiko den ekitaldian, sariak emateaz gain, oraindik argitu gabe dauden artista batzuen zuzeneko ikuskizunak ere izango dira. Ordu eta erdi inguru iraungo duen saioan zehar, halaber, “musika sektorearen batasuna aldarrikatzeko keinuak” izango direla aipatu du antolakuntzak; “izan ere, soilik elkarrekin eta industria amankomun baten gisan lan eginez lortuko dugu krisi honetatik ateratzea”.
Entzun itzazu jarraian euskal talde edota artista izendatuen azken diskoak:
Doctor Deseo – Maketoen iraultza
Maite Larburu – Hezurren azpian
Niña Coyote eta Chico Tornado - Aitzstar
Zea Mays - Atera
Zetak - Zetak