Boiseko ´Jaialdi´ko Euskal Film Erakustaldira film laburrak bidaltzeko epea zabalik!
2015/05/04
Euskara. Kultura. Mundura.
Boisek (Idaho) jazotzen du nazioartean antolatzen den euskal jaialdi handienetakoa: Jaialdi. Jaialdi dela eta, ‘Euskal Film Erakustaldia’ antolatu du Boiseko Modern Hotel-ek, eta parte hartzeko film laburrak bidaltzeko epea zabalik dago uztaila hasiera arte.
Esteka honen bitartez eman daiteke izena Jaialdin (Kodea: NU4EI8W), eta hizkuntza guztietako lanak onartuko dira, beti ere ingelesezko azpitituluekin.
Antolatzaileek jasotzen dituzten filmen artean aukeraketa bat egingo dute Jaialdirako eta ondoren, jasotzen diren euskal film guztiak urtero Modern Hotelek 39 Rooms Film Festival jaialdiko azken programarako kontuan hartuko dira, zuzendariek hala nahi izanez gero. Filmak berriak badira, Sun Valley Film Festival-erako ere kontuan hartuak izan daitezke.
Jaialdi 1987an jaio zen, euskal kultura munduan zehar sustatzeko asmoz. 30 urte geroago, mundu osoan zehar egiten den euskal jaialdi handienetakoa da, eta egitarau zabala eskaintzen du. Aurten uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean luzatuko da Jaialdi.