Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIII
Euskara. Kultura. Mundura.

-
19Uzt 202320Uzt 2023
Donostia
Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskararen irakaskuntza helburu duen ikastaroa antolatu du UPV/EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan. Aurtengoan lehen aldiz lantegi modura antolatuta dago ikastaroa, euskara eta euskal kultura irakasten dutenen eguneroko jardunerako tresnak eskaintzeko helburuarekin. Ikastaroak bi zati nagusi izango ditu: hitzaldiak eta lantegiak.
‘Euskal kultura nazioartean eta eremu eleanitzetan irakasteko lantegia’ izenburupean burutuko da ikastaroa, uztailaren 19an eta 20an.
Euskal kulturaren kanona eta didaktika lantzea izango da helburu orokorra, testuinguru eleanitzak gogoan hartuta. Ikastaroak Institutuak munduan zehar duen gaur egungo eta etorkizuneko irakurletza sareko euskara eta euskal kultur irakurleei formakuntza ematea du xede; baina interesa duen edonorentzat dago zabalik.
Ikastaroan parte hartzeko bi aukera izango dira:
- Hitzaldietan soilik parte hartuz (aurrez aurre edo online). Aukera honek 10 orduko ikastaroa egitea eskatzen du. Sakatu hemen matrikula modalitate honetan egiteko.
- Aurrez aurre, hitzaldietan eta lantegietan parte hartzen. Aukera honek 20 orduko ikastaroa egitea eskatzen du. Sakatu hemen matrikula modalitate honetan egiteko.
Aurtengo beste berrikuntza bat izango da, 25 urte arteko gazteek deskontua izan dezalketela matrikulan. Ikastaroaren balioa 25€koa izango da maiatzaren 31 baino lehen matrikulatzen diren 25 urte arteko ikasleentzat.
Hitzaldiak eta hizlariak.
Uztailak 19:
- Xabier Paya Ruiz (sortzailea, kultur kudeatzailea eta irakurle ohia): ´Maletan zer eraman atzerrian euskal kultura irakasteko´.
- Ziortza Gandarias Beldarrain (Boise State University-n euskal ikasketen irakaslea): ´Euskal literatura testuinguru globalean: Boise State Unibertsitatearen kasua´.
- Maddalen Subijana Puelles (euskara eta euskal kulturako irakurlea da Berlingo Freie Unibertsitatean): ´Euskal gramatika metodo kognitiboan oinarrituta irakasteko adibideak´.
Uztailak 20:
- Harkaitz Cano Jauregi (idazlea) eta Unai Zaballa Clares (Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan euskara eta euskal kultura irakurlea): ´Euskal zinema atzerrian kitzikagarri egiteko gida laburra´.
- Maitane Ostolaza Esnal (Université de Perpignanen irakaslea eta ikerlaria): ´Natura eta kultura Euskal Herrian: ingurumen-humanitateen ikuspuntua´.