Bikaintasuna Euskal Ikasketetan uda ikastaroan izen-emateko azken egunak
2022/06/30
Euskara. Kultura. Mundura.
Bikaintasuna Euskal Ikasketetan uda ikastaroa egiteko astebete falta da, eta izena emateko azken egunak ere badira. ‘Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira’ izenburupean egingo da aurtengo edizioa, uztailaren 11 eta 12an, eta hilaren 10era arte egin ahal izango da izen-ematea. Donostiako Miramar jauregian egingo da ikastaroaren XII. edizioa, eta euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan orain arte egin denaz hausnartu zein erronka berriei aurre nola egin pentsatzeko tartea hartuko dute parte hartzaileek.
Egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi da ikastaro honen bidez eta, horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo ezberdinetako adituek hartuko dute parte bertan. Hizlariak izango dira, besteak beste, Garbiñe Iztueta Goizueta Etxepare Euskal Institutua - Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria; Maite Goñi Eizmendi aholkularia eraldaketa digitalean; Joseba Sarrionandia Uribelarrea idazlea eta irakaslea; eta Xabier Paya bertsolaria eta itzultzailea. Programazio osoa irakurgai dago.
Aurtengoan, beraz, bi norabidetara begira ipintzeko asmoa dute: atzera eta aurrera. Batetik, gaur egungo egoerara ekarri gaituen ibilbidearen inguruan hausnartuko dute. Bestetik, aurrera begira jarraituko dute, eta etorkizunean zein urrats egin beharko diren eta erronka berriei aurre nola egin pentsatuko dute.
Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 35 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitatetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 28 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, 12 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan.