Bienal de São Paulo 2023ko komisarioek euskal testuingurua ezagutu dute ZABAL programaren eskutik
Euskara. Kultura. Mundura.
São Pauloko Bienalaren 35. edizioa 2023an egingo da, eta bertako komisarioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira euskal sortzaileen testuingurua ezagutzeko, ZABAL programari esker. Abuztuaren 25etik 29ra, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan ibiliko dira Manuel Borja-Villel arte historialari eta Reina Sofia Museoko Zuzendaria; Diane Lima komisario independientea, idazlea eta ikertzailea; eta Hélio Menezes antropologoa, kritikaria eta ikertzailea.
Donostiako Tabakaleran harrera egin diete Bingen Zupiria kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak; eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak.
Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da bisita hau, helburu duena euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak josiz. Proiektua gauzatu ahal izateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen asistentzia teknikoa jasotzen du.
Oraingoan, arte performatiboak eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten artistekin elkartuko dira, eta hori dela eta, Isabel de Naverán-ek egin ditu bisitaren komisario lanak. Izan ere, ikertzailea da, artearen, koreografiaren eta performancearen arteko gurutzaketan berezitua. 2017tik, zuzeneko arteen komisarioa da Reina Sofía Museoko Jarduera Publikoen Sailean, eta ikertzaile elkartu gisa ere lan egiten du Bilboko Azkuna Zentroan (2021-22).
Programaren hasierara buelta egingo du oraingoan, nolabait, ekimenak: 2019ko azaroan martxan jarri zenean, Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa Euskal Herrian izan zen. Geroztik, arte garaikideko zenbait profesional izan dira Euskal Herrira bisitatzera gonbidatuak bertako artistekin harreman zuzena izan eta lankidetza posibleak aztertzeko.