Beste urte batez Basque Audiovisual Sunny Side of the Doc-en izango da

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-04-20

Euskal dokumentalek, aurten ere, Sunny Side of the Doc nazioarteko azokan parte hartzeko aukera izango dute Basque Audiovisualen eskutik. Dokumentalgintzaren nazioarteko 2.000 profesional baino gehiago biltzen ditu urtero La Rochellen (Frantzia) egiten den azokak. Aurten internet bidez egingo da ekainaren 21etik 24ra, eta katalogoan izen emateko epea zabalik dago.

Basque Audiovisualek euskal dokumentalen presentzia eta ikusgarritasuna handitzeko helburuarekin hartzen du parte azoka honetan. Dokumental proiektuak pitching deialdira aurkeztu eta merkatuko katalogo ofizialean agertzeko epea apirilaren 22an amaituko da, eta ekoiztetxeek izena emateko epea, berriz, maiatzaren 28an.

Azoka birtual batean parte hartzeak dituen zailtasunen jakitun, Basque Audiovisualen stand-eko profesionalen ikusgarritasuna areagotzeko helburuz, ‘Meet the Basque delegates’ saioa antolatu dute azokako egitarauaren baitan. Saio honi esker euskal ekoizleek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute. Ekimen berri hau oraindik antolakuntzarekin lantzen ari dira eta aurrerago emango dira xehetasunak.

Merkatu honen bereizgarri nagusia dokumentalaren merkatuan lan egiten duten erabaki hartzaile nagusiak biltzeko gaitasuna da, hau da, ekoizle, telebista kate edota banatzaileekin saretzeko aukera. Horri esker, ekitaldi interesgarria izan daiteke bai jada amaitutako dokumentalak saldu nahi dituzten enpresentzat, baita telebista kate internazionalekin koprodukzioak bilatzen dituztenentzat ere.

Nazioarteko ikus-entzunezko merkatuetara joateko Zineuskadiren dirulaguntzak eskatu ahalko dira, eta hauen bitartez akreditazio gastuak berreskuratzeko aukera izango dute.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu