Bertsolaritza

Euskara. Kultura. Mundura.

Bertsolaritza Bertsolaritza

Bertsolariak bat-batean asmatzen eta kantatzen du mundua. Bertsolaritza bertsoak bat-batean asmatzeko artea da, edota aipatu fenomenoaren inguruan Euskal Herrian sortu den mugimendu soziala. Bertsolaritza sasoi betean dago. Ikusi besterik ez dago lau urtean behin egiten den Bertsolarien Txapelketa Nagusiko finalak biltzen duen jendetza. 15.000 bat lagun, sei ordu luzez, adi-adi, bertsolariak zirrara isilez betetako tempoan entzuten. Inprobisazioak agintzen duen artea denbora luzez literatura-kritikaren ikuspegitik aztertua izan bada, XXI. mendearen atarian paradigma aldaketa egon da eta, egun, genero erretoriko gisa ikertzen da. Izan ere, helburua ez da balio literario handiko testuak sortzea, batzuetan halakoak badira ere, helburua entzuleengan emozioak sortzea da. Bertsolaria, horrenbestez, emozioen kudeatzailea da.

Bertsolariak poesia eta txantxa nahasten ditu hainbat arlotako informazioekin –gizarte albisteak, politika, sexu-kontuak, kultura, diharduten herrietako gorabeherak–, eta bertsolariek elkar zirikatzen dute. Doinu jakin batean bermatuz, a capella abestuz inprobisatzen dute. Bertso jarduera egin daiteke areto txikietan zein handietan, antzokietan edo plazatan, jatetxeetako mahai bueltan edota kalean, balkoitik balkoira. Txapelketez gain, gero eta anitzagoak dira bertso saioen formatuak. 

Euskal Herrian bertsolaritza tradizioa zaharra da, gutxienez XV. mendekoa, baina dokumentazioa XIX. mendetik baino ez dator. Bilintx, Xenpelar, Otaño eta Etxahun orduko inprobisatzaile handienen artean daude, baina, historiak gogoratu baditu, idatziz utzitako bertsoengatik izan da. XX. mendean idatzizkoaren aldean gailendu zen bat-bateko bertsolaritza. 1905ean hasi zen benetako dokumentazioa, lan hartan ezinbestekoak izan ziren Manuel Lekuona ikerlaria eta, beranduago, haren iloba Juan Mari Lekuona. 36ko gerra aurreko euskal kulturaren Pizkundeak bertsolaritzari toki zentrala eman zion, batik bat, Joxe Ariztimuño Aitzol euskaltzalearen eskutik. 1934an lehenengo txapelketa antolatu zuten. Jose Manuel Lujanbio Txirrita izan zen orduko paradigma, bertsolaritza klasikoaren ikurra. Gerrak isiltasuna ezarri zuen, eta, 1945etik aurrera, Iñaki Eizmendi Basarrik eta Manuel Olaizola Uztapidek, Bizkaiko Enbeita sendiko bertsolariekin batera, bertsolaritzaren iraupena bermatu zuten. 1960an Euskaltzaindiak Bertsolarien Txapelketa berreskuratu zuen. Jose Miguel Iztueta Lazkao Txiki eta Fernando Aire Xalbador bertsolaritzaren mito izatera ere iritsi dira.

1980ko hamarkadan egungo bertsolaritzaren ia ikuspegi guztien aitzindari izan zen Xabier Amuriza bertsolaria. Euskara batuan aritu zen 1980ko txapelketan, eta lehena izan entzuleriaren emozioei zuzenean eragiten. Amurizarekin batera bertsolari belaunaldi berri bat atera zen plazara: Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Euskitze, Jon Sarasua eta Andoni Egaña, besteak beste. Egaña da txapel gehien jantzi dituen bertsolaria. Harekin hasi zen bertsolaritza ulertzeko beste era bat, non estrategien zein inprobisazio baliabideen planifikazioa ezinbestekoa den. Bertsolarien azken belaunaldietan Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus nabarmendu dira. Gaur egun, bertsotan ari diren bertsolarien zerrenda luzea eta oparoa da, bakoitza bere erregistroaren bila dabil, erreferentziak ugariak dira eta, gaiak, gero eta sofistikatuagoak. Emakumeen presentzia maila gorenean gero eta ohikoagoa da.

Ez da kasualitatea azken garaiotan bertsolari onen kopuruak gora egin izana. Bertso-eskoletan eta hezkuntza arautuan egiten den lanaren ondorioa da. Izan ere, Bertsozale Elkarteak lan eskerga egiten du, besteak beste, bertsolaritzaren transmisio mugimendua koordinatzeko. Gaurko egunean, bertsolaritzak presentzia aktiboa du Euskal Herriko bizitza sozialean eta kulturalean. 

Bertsolaritzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu