Bertol Arrietak literatura-sorkuntza egonaldia egingo du Coruñan
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak 1863 Literatur Egoitzarekin batera antolatutako literatura-sorkuntza egonaldia Bertol Arrietak burutuko du 2024ko azaroan zehar Coruñan.
Arrietak 1863 Literatur Egoitzan egingo duen hilabeteko egonaldian aukera izango du bere sorkuntza proiektua garatzeko. Egonaldiaren helburua euskarazko literatura-sorkuntza sustatzea eta bultzatzea da, baldintza onetan eta aldi berean kultura-bizitza aberatsa duen Coruñako testuinguruan murgilduta.
Bertol Arrieta Kortajarena idazlea eta gidoilaria da, eta dozena bat liburu plazaratu ditu. Hainbat sari irabazi ditu, hala nola Donostia Hiria eta Ignacio Aldecoa ipuin lehiaketak. Gidoi onenaren saria ere eskuratu du Lekeitioko Euskal Zine Bileran (2017). 2019an Dramaturgia Berriak programan hautatu zuten, eta 2021ean antzerki laburreko Cafe Bar Bilbao saria irabazi zuen. Egile Saria bi aldiz eskuratu du eleberri grafikoen gidoiak idazteko. Horietako bat, ‘Hodeien gaineko aldean’, euskaraz argitaratu zen 2022an eta gaztelaniaz eta frantsesez 2023an.