Euskal kultura eta sormena munduari aurkezteko podcast berria
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal kultura eta sormena mundura zabaltzeko erakusleiho berria sortu dugu. BASQUE. podcastak inspirazio-iturri ditugun hainbat sortzaile eta pertsona ezagun izango ditu protagonista; zinemaren, gastronomiaren, hizkuntzaren eta artearen ordezkari nabarmenak, hain zuzen. Oier Aranzabal kazetariak hitza emango die Estibaliz Urresola zinemagileari, Eneko Atxa sukaldariari, Sahatsa Jauregi artistari, Hiromi Yoshida hizkuntzalariari eta Itziar Ituño aktoreari.
Nazioarteko entzuleari espreski zuzendutako podcast honek jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztutako bost atal ditu. Elkarrizketatuek euren ibilbide pertsonal eta profesionalen berri emango dute, baita hausnarketan murgildu ere nortasunari, arrakastari, artearen definizio eta funtzioari zein euskararen etorkizunari buruz, besteak beste. Lehen denboraldiko elkarrizketak urritik abendura bitartean plazaratuko dira Podcast atalean, baita hainbat podcasting plataformatan ere: Spotify, iVoox, Apple Podcasts, Amazon Music eta Google Podcasts.
Podcasta BASQUE. markaren baitan gauzatzen den egitasmoa da. Azken horren helburua da, hain zuzen ere, nazioartean euskal kulturaren eta sorkuntza garaikidearen ikusgarritasuna handitzea eta pertzepzio globala indartzea, lehen pertsonan idatzitako narratiba bat eraikiz. Hala, euskararen lurraldeko musikaren, dantzaren, antzerkiaren, zinemaren, literaturaren, artearen eta beste adierazpide batzuen bidez euskal kultura eta euskara ezagutzera eman nahi dugu.
BASQUE. markaren leihoa basqueculture.eus webgunea da. Bertan, atzerriko irakurle eta profesionalek eskuragarri dute euskal sorkuntzako diziplina anitzen inguruko edukia eta informazioa, bai eta euskal ondareari zein hizkuntzari buruzkoa ere.