Basque. Playlist. #20 – Gorka Urbizu
2024/10/16
Euskara. Kultura. Mundura.
Gorka Urbizuk gazte-gaztetatik darama musika zainetan. Nafarrak 14 urte besterik ez zituela hasi zuen bere ibilbidea musikari gisa, bere lehen banda osatu zuenean pianoan konposatzen zituen abestiak aurkezteko. Orduz geroztik, bizitza osoa eman du taula gainean.
Ezin da Gorka Urbizuren ibilbidea ulertu Berri Txarrak aipatu gabe, eta ezin da Berri Txarrak taldeaz hitz egin Urbizuren figura nabarmendu gabe. Sortzaile, letragile, konpositore, abeslari eta gitarrista gisa, euskal panoramako talde ikonikoenetako baten arima izan da.
Berri Txarrakek bost kontinenteetara eraman du bere musika, eta mila kontzertutik gora eskaini ditu. Bere ibilbidean nabarmentzekoa da Rise Againstekin batera Europan, Hego Amerikan eta Ozeanian egindako bira, baita Deftones, Descendents edo Sick Of It All taldeen kontzertuetan hasierako talde gisa emandako kontzertuak ere. Hellfest (Frantzia), Fuji Rock (Japonia) eta South by Southwest (AEB) jaialdi ezagunetan ere parte hartu dute, eta euren kabuz ere birak egin dituzte Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan, Hego Amerikan, Europan, Australian eta Asian. Madrilgo WiZink Centerren jo duen lehen euskal taldea ere bada. 25 urteko ibilbidearen ostean, 2019an azken bira iragarri zuten, Ikusi Arte Tour izenekoa, eta ostera “atseden mugagabea” hartu zuten.
Urbizuk beste proiektu batzuetan ere parte hartu du, hala nola Katamalon, non poesia eta musika akustikoa uztartu zituen, eta Peiremans+ taldean, power pop-era hurbilduz.

2024an, gainera, ikusleak eta kritikariak harritu zituen, ‘Hasiera bat’ diskoa abisurik eta aurrerapenik gabe kaleratzean. Bere bakarkako lehen albumean, proposamen intimista egiten du. Soinu geruzak gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu du: kantuak erantzi, hustu eta kimatu ditu euren soiltasuna agerian utzi arte. Horrez gain, lekunberritarrak pauso berria eman du musika ekoizpenean murgilduz eta La M.O.D.A. bezalako taldeekin lan eginez.
Euskal musikari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.
Etxepare Euskal Institutua eta sortzailea
Etxepare Euskal Institutuak AIEnRUTa-Artistas programa babesten du, urtero Estatu mailan egiten diren bi zirkuito deialdietan (urtarrila- ekaina eta iraila-abendua) euskal musikarien presentzia bermatzeko. Aurtengo zirkuituaren bigarren bueltan Gorka Urbizu izan da artista aukeratuetako bat da.