Basque Dance: sei euskal konpainia Tanzmessen
Euskara. Kultura. Mundura.
Dantzaz, Igor and Moreno, Jone San Martin, Kukai Dantza, La Glo Zirko Dantza eta Lŏkke | Olatz de Andrés. Hauek dira Internationale Tanzmesse azokaren 12. edizioan parte hartuko duten Euskal Herriko dantza konpainia eta sortzaileen izenak. Dantza garaikidearen alorreko profesionalen bilkura handiena da Tanzmesse eta nazioarteko hitzordu garrantzitsuena sektorearentzat. Alemaniako Düsseldorf hirian egingo da abuztuaren 29tik irailaren 1era eta mundu osoko 500dik gora enpresa eta 1500dik gora profesional bilduko dira bertan: koreografoak, dantzariak, agentziak, ordezkariak, banatzaileak, kultur erakundeak… Hori guztia dela eta, bertaratzen diren sortzaileentzat aukera paregabea da euren lana publiko profesionalari aurkezteko, herrialde ezberdinetan eta nazioarte mailan gertatzen ari dena lehen eskutik ezagutzeko eta harremanak lantzeko.

Bigarren aldiz, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik eta ADDErekin (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) elkarlanean, euskal eszenak presentzia bateratua izango du Tanzmessen Basque Dance markapean. Helburua da sektoreari babesa ematea eta ahalik eta ikusgaitasun handiena eskaintzea. Standean ADDEk egiten duen Euskal Herriko dantza lanen katalogoa banatuko da. Katalogo honek 40tik gora konpainia, sortzaile eta kolektiboren 77 lan jasotzen ditu.
Dantzazentzat, Sorkuntza Koreografikorako Nazioarteko Gunea den heinean, Düsseldorf-eko hitzordua bere nazioarteko sarea zabaldu eta beste sorkuntza zentro eta koreografoekin harremanak estutzeko aukera da, etorkizunean kolaborazioak egiteko edo elkarrekin proiektuak gauzatzeko.
Azokara bertaratuko diren ia denek partekatzen duten beste helburuetako bat nazioarteko banatzaileak bilatzea da. Baita Olatz de Andresek ere, Lŏkke konpainiaren atzean dagoen sortzaile eta dantzari independentea. Beretzat Tanzmesse munduko sortzaile onenen lana ikusteko leihoa ere bada.
Hitzaldi eta pitch ugari ere burutzen dira azokan; sektorearen inguruko hausnarketa egiteko eta artearen egoera ezagutzeko aukera ematen dute.
Kukai Dantza eta Jone San Martin, programazioan
Azoka bat izateaz gain, stand eta topaketa profesionalekin, Tanzmesse erakusleihoa ere bada. Konpainia eta sortzaileek euren lanak zuzenean hiriko eszenatoki onenetan eta eragin handiko publikoaren aurrean aurkezteko aukera dute.
Aurtengo edizioan bi euskal sortzaile egongo dira Tanzmesseko programazio finean: Kukai Dantza eta Jone San Martin.
Jon Mayak zuzendutako konpainiak izango du, Oskara lanarekin, jaialdiari hasiera emateko ardura. Sustrai herrikoiaren eta adierazpen abangoardistenaren artean mugitzen diren bi unibertso koreografikok eta dantzari so egiteko bi begiradak bat egin duten lan hau publikoa eta kritikaren artean arrakasta nabarmena lortu eta gero iritsiko da Tanzmessera. Besteak beste, hiru Max sari irabazi zituen iaz eta Kukaik Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso zuen. Estatuan zehar 70 funtzio baina gehiago eskaini eta gero nazioarteko ibilbideari ekin dio Oskarak. Besteak beste Bruselan, Montecarlon, Sofian eta Bremenen ikusi ahal izango da. Kukai Dantzaren zuzendariarentzat Tanzmessera lan honekin joatea “berme bat da” eta itxaropentsu dago mundu mailako irismena duen azoka batean ezaugarri hauetako emanaldi batek Oskarak nazioartean duen bizitza luzatu dezakeelako eta konpainiaren nazioartekotzerako bultzada izan daitekeelako. Ikuskizuna abuztuaren 29an izango da, asteazkena, Capitol Theater-en, hiriko antzoki handienean.
Bestetik, Jone San Martinek zuzenean aurkeztuko du Atlas I / Any body sounds proiektuaren kontzeptua eta orain arte landutako materiala. Garapen prozesuan dagoen lan hau Düsseldorfeko Tanzhaus aretoan ikusi ahal izango da estreinako aldiz urriaren 6an. Emanuele Soavi dantzari eta koreografoarekin eta Mikel R. Nieto soinu artista donostiarrarekin burutzen ari den proiektua da, eta giza gorputzak komunikatzeko duen gaitasun eta gaitasun eza du ardatz. Alemanian, dantza garaikidearen eta soinu artearen eszena independenteko kide aktiboak dira hiruak eta proiektua egonaldi artistiko batean ari dira garatzen, Tabakalera, Etxepare Euskal Institutua eta Emanuele Soavi Incompany-ri esker. Jone San Martinen iritziz aukera bikaina da publiko profesionalari euren lana aurkezteko eta hau sustatzeko. Aurkezpena abuztuaren 30ean izango da, osteguna, Tanzhaus aretoan.