BASQUE. BOOKS. - euskal literatura-laginen ataria
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak proiektu berri bat jarri du martxan: euskal literatura-laginen ataria. Donostiako Tabakaleran aurkeztu du literatura eta liburugintzaren sektoreko elkarte profesionalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Zer da euskal literatura-laginen ataria?
Etxepare Euskal Institutuak euskarazko literatura nazioartean zabaldu eta beste hizkuntzetara itzul dadin sustatzeko sortutako online tresna da. www.basquebooks.eus webgunean kokatuta dago.
Webgunea ingelesez dago, eta bi helburu ditu:
- Euskal idazle, editore eta literatura-agenteei laguntzea euskarazko literatura-lanen atzerrirako itzulpen- eta argitalpen-eskubideen salmentan
- Nazioarteko publikoari egungo euskarazko literaturaren argazkia eskaintzea
Zer aurkituko duzu bertan?
Une honetan euskarazko 31 libururen laginak daude eskuragai, ingelesez eta/edo frantsesez. Batetik, Etxeparek 2021etik egiten duen literatura-laginen itzulpenerako laguntzen deialdiaren bitartez itzuli diren testuak. Bestetik, 2021az geroztik Euskadi Saria jaso duten euskarazko lan guztienak.
Nola funtzionatzen du?
Liburu bakoitzaren fitxak liburuari eta egileari buruzko informazioa ematen du ingelesez, deskarga daitekeen lagin bat (pasarteak, zatiak, poemak, etab.) du ingelesez eta/edo frantsesez, argitalpen-eskubideetarako kontaktua jasotzen du, eta informazio osagarria (argitaletxea, orrialde-kopurua edo ISBN) eskaintzen du.
Hainbat filtroren bidez egin daiteke bilaketa: egilea, fikzioa, ez fikzioa, narratiba, poesia, haur eta gazte literatura, etab.
Zer da BASQUE. BOOKS. ?
BASQUE. BOOKS. euskal literatura eta liburugintza nazioartekotzeko azpi-marka da. Euskal erakundeek eta sektoreak berak 2020tik erabiltzen dute liburu azoketan, literatura jaialdietan eta estatu mailako edo nazioarteko beste hainbat ekitalditan sustapen- eta hedapen-ekintzak egiteko. www.basquebooks.eus webgunean sektoreko elkarte profesionalen direktorioa, Basque. Books.-ek parte hartzen duen azokak eta Etxepare Euskal Institutuak itzulpenak egiteko eta euskal literatura nazioartean sustatzeko eskaintzen dituen dirulaguntzak aurki daitezke.