Bartzelonako EH Sona jaialdiaren egitaraua aurrera doa

2019/11/04

Euskara. Kultura. Mundura.

Iraila bukaeran hasi ziren Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdiaren lehen kontzertuak eta, geldialditxo eta berrantolaketa baten ostean, azaroaren 9tik aurrera jarraituko du egitarauak. Hona hemen Euskal Herritik kanpoko euskal musikaren jaialdirik handienak dakarrena.

Iraila bukaeran hasi ziren Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdiaren lehen kontzertuak eta, geldialditxo eta berrantolaketa baten ostean, azaroaren 9tik aurrera jarraituko du egitarauak. Hona hemen Euskal Herritik kanpoko euskal musikaren jaialdirik handienak dakarrena.

Bartzelonako Euskal Etxea da jaialdi honen antolatzaile nagusia, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin, tartean; eta Euskal Etxean bertan izango dira txanda berri honetako lehen kontzertuak, baita gehienak ere. Azaroaren 9an, hain zuzen ere, Nikotina rap abeslari tolosarrak eta Senyor Oca talde bartzelonarrak partekatuko dute taula. Azaroaren 15ean, ostera, leku berean elkartuko dira, oraingoan, Eskean Kristo euskal rock taldea eta Barcelona Rock Orchestra; azken honek, rock musikako klasikoen berrirakurketa egingo du musika klasikoaren kutsu eta instrumentuekin.

Aste bat igarota, Sidecar aretoan Zea Mays euskal rock banda ikusteko aukera izango da azaroaren 22an; eta hurrengo egunean, azaroak 23, Bad Sound taldeak dub eta reggae estiloekin jarriko du dantzan Euskal Etxea, Maluks talde valentziarra lagun. Azaroaren 30ean, halaber, Trakamatraka eta Belatz taldeak izango dira ikusgai Euskal Etxean: lehenak birziklaturiko objektuak baliatuz egiten du musika, jazz eta afrikar musikaren kutsuarekin; bigarrenak, ostera, rockaren adar gehienak jorratzen ditu. Amaitzeko, urtarrila aldera (zehazteke) Anita Parker euskal elektroswing taldeak itxiko du aurtengo EH Sona jaialdiaren egitaraua, Euskal Etxean bertan.

Egitarauari eta talde bakoitzari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzu informazio osatua.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu