Barnetegiek ere online bidea hautatu dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-10

Urtero barnetegiak antolatu ohi dira atzerriko ikasleek euskara ikas dezaten. Institutuak munduan zeharreko unibertsitateetan dituen euskara eta euskal kultur irakurletza sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian egonaldia egiteko aukera dute. Nazioarteko Euskal Etxeetako euskara eskolak kudeatzen dituen Euskara Munduan programaren bitartez, bestalde, Argentinan ere barnetegiak antolatzen dira urtero. Barnetegi horiek, COVID19 pandemiak kolpatutako urte honetan, online modalitatean aurrera ateratzeko modua aurkitu dute.

Nola egin barnetegi bat online, ordea? Argentinako Euskal Etxeen federakuntza, FEVA, eta Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programa eskuz esku ari dira lanean aurtengo online barnetegiak aurrez aurrekoaren ahalik eta antz handiena izan dezan. Horretarako, Schoology izeneko plataforma digitalaren bidez eskainiko dituzte eskolak, uztailaren 18tik 25era bitartean, egunean bost bat ordu eskainiz. Egitaraua prestaketa fasean dago oraindik.

Urtero Argentinako Euskal Etxe ezberdin baten egoitzan, neguan eta udan, egiten den barnetegi honek helburu garbia du: euskara ikasleak etorkizuneko irakasle bihurtzea, Hego Amerikan euskararen irakaskuntzak bizirik iraun dezan. Horretarako, ikasle talde bakoitzarekin lau urteko trebakuntza egiten da, guztira zortzi barnetegi-egonaldi eginez. Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko 32 ikaslez osatutako talde berriak 2020ko urtarrilean hasi zuen trebakuntza, eta uztailekoak euren bigarren barnetegia izan behar zuen, irakasleen formakuntzan gakoa izan ohi den bigarren pausua, alegia. Online modalitatean, 32 ikasle horiek bi taldetan banatuko dituzte, bakoitza bi irakaslek gidatuko dutelarik; eta, horrez gain, gonbidatu bereziak eta kultur jarduerak izango dituzte, aurrez aurrekoaren xarma gal ez dezan.

Antzekoa da Aurten Bai barnetegiaren bitartez irakurletzako ikasleek egingo duten “egonaldiaren” kasua. Barnetegi honetara, urtero, mundu mailako unibertsitateetako 25 bat ikasle joan ohi dira bi aste igarotzera, ostatu eta janari gastuak ordainduta. Aurtengo online bidezko ikastaroaren kasuan, ordea, 10 ikaslerentzako lekua izango da gehienez. Uztailaren 13 eta 24 bitartean egingo da, eta goizero 9:00etatik 12:00etara iraungo dute eskolek. Izen-emate gehiago baldin badaude, bi talde egiteko aukera baloratuko da; eta azken hau arratsaldez, 13:00-16:00 bitartean, egingo da. Zornotzako barnetegiko irakasle bat izango da arduradun, eta aurrez aurreko metodologiari ahalik eta gehien gerturatzen saiatuko dira eskoletan. Ikastaro hau oinarrizko mailetako ikasleei (A1.2 eta A2) egongo da zuzenduta eta, Argentinako barnetegian ez bezala, euren helburua soilik euskara ikastea izango da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu