Barnetegia Argentinan

2025/01/16

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak garai honetan ohikoa den euskara barnetegia antolatu du Villa Marían (Córdoba, Argentina) Euskara Munduan programaren baitan. Urtarrilaren 18tik 25era burutuko da, eta 20 ikaslek hartuko dute parte. Zazpi egunetan zehar ikasleek bizitza euskaraz egiteko esperientzia bizi ahal izango dute, aldi berean euskararen ezagutzan sakonduz.

Argentinako 19 lagunek eta txiletar batek osatzen dute taldea. 2024ko urtarrilean ekin zioten euskara ikasteari hutsetik, euren Euskal Etxeetan euskara irakasle bihurteko asmoz. A1 maila bukatu berri dute eta barnetegiak irauten duen zazpi egunetan zehar sakontze-lanak egingo dituzte udaberrian A2 mailari heltzeko.

Ikastaro trinko hau amaitzean partaideek euren Euskal Etxe eta herrietatik jarraituko dute formakuntza, Euskara Munduan programaren online plataformaren bidez, uztailean egingo den hurrengo barnetegira arte.

Gabriela Mendia (FEVA) eta Kinku Zinkunegik, Euskara Munduan programaren arduradunak, koordinatuko dute barnetegia, eta Argentinako bi irakaslek emango dituzte eskolak: Gabriel Arze eta Sabrina Oteguik. Lazkaoko Maizpide euskaltegian diseinatutako materialak erabiliko dira barnetegian.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu