Niña Coyote eta Chico Tornadok jaso du Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria MIN Sarietan
2020/10/17
Euskara. Kultura. Mundura.
Ostiralean izan da Espainiako Musika Independentearen MIN sarien banaketa ekitaldia. Lehenbiziko aldiz telebistaz ikusi ahal izan den eta agertoki ezberdinetatik zuzenekoak eskaini dituen galan, Niña Coyote eta Chico Tornado taldea izan da Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria jaso duena, Aitzstar lanari esker. Bigarren aldia da talde honek sari hau irabazten duena.
Niña Coyote eta Chico Tornado rock bikote donostiarrak kaleratutako hirugarren lan luzea dugu Aitzstar (2019), hain zuzen ere rock izar terminoarekin hizkuntzen arteko jolasa eginez izendatu dutena. 11 abestiz osatutako disko honek euren rock astuneko kutsua mantentzen du, berritasuneranzko bide argia eginez. Euskarazko disko onenaren saria irabazteko hautagai ziren gainontzeko taldeen artean Zea Mays, Doctor Deseo, Zetak eta Maite Larburu zeuden.
Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.
Etxepare Euskal Institutuak 2014. urteaz geroztik babesten du Euskarazko Album Onenaren Saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Aurreko urteetan Berri Txarrak, Jabier Muguruza, Niña Coyote eta Chico Tornado, Delorean eta Ruper Ordorika izan dira talde sarituak.