Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroan izena emateko epea zabalik da
Euskara. Kultura. Mundura.
Atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa antolatu dute, beste behin, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak.
2024ko urriaren 4tik azaroaren 30era burutuko da ostiral eta larunbatetan, Donostiako Campuseko Elbira Zipitria eraikiniean (Ondarreta pasealekua 18).
Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutako ikastaro honen helburua da euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea, edo Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuak prestatzea lan horretarako.
Ikastaro honen garrantzi akademikoa bi lan-ildotan oinarritzen da:
- Identifikatzea euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan behar diren bide didaktiko eta metodologikoak atzerriko unibertsitateetan irakasteko.
- Ezagutzea ikasgelan eraginkortasunez jarduteko behar diren tresnak.
Euskal Ikasketen didaktika hainbat ikuspegitatik aztertuko da, eta metodologiak, tresnak eta baliabideak eskuratuko dira atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntzalaritza, didaktika, metodologia, kultura (musika, literatura, zinema…) eta zibilizazioa ardatz hartuta. Ikastaroaren programan xehetasunak kontsultatu daitezke.
Matrikula online egin ahal izango da ekainaren 17tik irailaren 19ra (biak barne). Irailaren 24an onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da, finkatutako lehentasunen arabera antolatuta. Onartutakoek irailaren 24tik 30era arteko epea izango dute matrikulazioa egiteko.